Bioaniztasunetik: Trikukeriak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2014ko urr. 8a, 15:19

Haizerik eta ekaitzik gabeko udazken arraro batean sartu garen honetan, udazken eta negu aldera ikusi ahal dugun ugaztun txiki bat dakarkizuet gurera. Gaurko orrialde hau, trikuari (Erinaceus europaeus) eskainiko diogu, ea berataz ditugun usteak egiak diren.
 Triku bat nolakoa den deskribatzea ez da beharrezkoa, gutako askok ikusi dugu bide ertzean trikurenbat autoak zapalduta eta erraiak kanpoan dituela. Triku bat bizirik ikustea nahiko zaila da, batetik gautarra eta udazken-neguko animalia delako, eta bestetik gu baino txikiagoa delako eta usaimen hobea duelako. Guk lorategian hanka bat jartzerako, trikuak alde egin du. Triku baten eskeletoa ikusten badugu, bestelako lau hankako ugaztun intsektujale txiki baten antzekoa da, baina trikua ezberdintzen duena, bera inguratzen duen arantzaz jositako azala da. Arantza hauek ileak dira, baina ez ohiko ugaztunok dugun bezain leuna, zorrotz eta sendoa baizik. Arantza formako ile hauek, ordea, ileak dira eta ile guztiak bezala arriskuen aurrean tente ipini ahal dira edo trikuaren sabela kiribilduz, ile zorrotzezko bola bat bihurtu ahal da gure trikua. Nola ez, guzti hau trikuaren defentsa sistema bat da, bera ahoratu nahi duen ororentzat; zoritxarrez autoetako gurpilak ez dira arantza hauekiko sentikor.
 Bere defentsa sistemaz gain, trikuaren ezaugarri nagusietako bat bere usaimena da. Izaera gautarra duenez, bista ez du oso ona, baina bere mutur luze eta mugikorrarekin, lurpean hiru zentimetrora dagoen zizarea usaitzeko ahalmena dauka. Izan ere, orokorrean trikua haragijalea da, intsektu, zizare eta xagutxoetaz elikatzen da. Baina, noizean behin, bere dieta aldatu egiten du eta fruituak zein hegaztien arrautzak ere jaten ditu. Aho askotatik entzun dut, trikuak sagar mordo bat lurrean ikusten badu, kiribildu eta beraiengana joaten dela maldan behera pelota bat bezala, sagar baten kontra jo eta arantza artean jasotzeko. Gero dituen eskutxo txikiekin sagar hori nola lortzen duen bizkarretik kentzea, beste misterio bat da. Egunez lo egoten den animalia da eta gauen bere kabitik ateratzen da elikagai bila. Bere eremuan zehar hiru kabi eduki ditzazke lotarako eta ibilbide konkretu bat egiten du gauen zehar elikagai bila. Urtean zehar, trikuak bi ugal sasoi izaten ditu, arrak eme bila hasten dira soinu bizi bat ateraz, eta eme bat topatzen duenean limurtzea hasten du arrak. Egia esan, limurtzea nahiko sinplea da, oso sinplea. Arra emearen inguruan hasten da bueltaka, emeak, beti bezala, arantzak tente ipiniko ditu triku euskaldun eme guztiek bezala. Modu honetara pare bat ordu igaro ostean, emeak ez baditu arantzak jeisten, arrak etsi egiten du, baina, badaezpada emearen atzetik ibiliko da, beranduago beste froga egiteko. Baina arazoa da, ar askok eme berdinari hau egiten diotenean, ez dela harritzekoa, ugal sasoian eme bat atzetik lauzpabost arrez osatutako ilera bat duela ikustea, guztiak bere usainari jarraian. Animalien munduan ar gogaikarririk bada, hau triku arra izango da! Hala ere, ikerketa bat gustura egingo nuke, ea euskal trikuek ere jokaera hau duten, izan ere, jokamolde hau, triku argentinarrena gehiago dela esango nuke.
 Ugaltzearekin jarraituz, esan behar da, trikuarentzat gainka egitea ez dela izango oso erosoa,zure bikotekideak zentimetro pare bateko ile zorrotzak dituela bizkarrean jakinda behintzat! Horretarako, arrak emea erlaxatu egin behar du ileak jeitsi ditzan, gero ondo heldu, zeren ile erlaxatuak irristakorrak dira, eta ordu erditik gora egon ohi dira horrelaxe. Makina bat ar gazte gogotsu hilko zen, ongi erlaxatu ez den emearengana jo eta bere arantzetik zulatuta. Presak beti kalterako!
Trikuek 10 kumetxo eduki ditzazkete, kumeak jada arantzekin jaiotzen dira, baina erditzean beren ama barrutik zulatzea ekiditeko, arantza hauek, azal gogor batez inguratuak egoten dira. Bi egunen ostean, azal babesgarri hau erori egiten da eta trikutzoek bere lehen arantzak erakusten dituzte. Bere bizitzan zehar arantza hauek, gure ileak bezala, erortzen eta ordezkatzen joango dira.
Eta beti bezala, informazio baliagarri hau, euskalnatura.net-eko biologoei zor diegu, orain web orri berria dute eta pena merezi du bisitatxoren bat egitea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!