Azeri etxekotuak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2014ko ira. 17a, 10:49

Uda amaitu berri den honetan, eta ekokulturaren txoko xume honetan apustu egiten dutenei eskerrak emanez, bagatoz berriro ere zuen sukaldeko zokora, bost minutuko jakintza eskaintzera. Gaurkoan gai arraro bat eta gizon are arraro batekin gatoz, Dimitri eta bere azeri etxekotuekin...

Gizakien eta animalien arteko elkarrekintzetan, etxekotzea edo domestikazioa da gehien atsegin dudana. Gizakiak betidanik etxekotu ditu animalia eta landare mota ezberdinak, nolabaiteko onura lortu edo errendimendua handitzeko. Zenbaitetan etxekotzea hain izan da handia, jada animalia horiek ezin dutela beraien inguru naturalean bizi. Belardian ikusten diren, zuri beltzak diren esne behiak adibidez, nekez iraungo lukete bizirik gizakiaren laguntza gabe errape erraldoi eta baldar horiekin. Zenbait zakur arraza muturmotz ikusita ere, duda berdina sortzen zait.
Badut lagun bat, Frantziako bull-dog bat erosi nahi zuena mendira eramateko. Zakur saltzaileak, saltzaile ondradua bera, zakur arraza hori mendira eramatea «okurritu ere ez!» esan zion. Duten mutur motzarekin, arnasa ez omen dute ongi hartzen eta ariketa fisiko gehiegirekin, ito egiten omen dira. Ikusiko nuke zakur hori, mendian animali txikiak ehizatzen! Gure arbasoek, mendira eraman ezin diren zakur hauek ikusiko balituzkete.
1950eko hamarkadan, denbora soberan zuen errusiar batek, Dimitri Beliave jaunak –guretzako Beliabeneko Dimitrik– bere buruari galdera bat egin zion: «Nola eraldatzen da animalia basati baten itxura, basati izatetik, etxekotzean?». Dimitri honek denbora libre asko izateaz gain, harrikada galanta ere bazuen, baina badaude tarteka harrikada benetan interesgarriak, eta gure Dimitrik harrikada mota horietako bat zuen. Beraz, gizon hau esperimentatzen hasi zen.
Lehenik, etxekotu gabeko animalia bat aukeratu zuen, azeria. Errusian basatiak ziren 30 azeri ar eta 100 eme hartu zituen eta elkar gurutzatu zituen. Beraien kumeak banatu egin zituen, otzan edo lasaienak zirenak aukeratuz eta berriro beraien artean gurutzatuz. Eta honela joan zen 26 urte luzeetan zehar, azeri basatiak gurutzatuz eta gero eta etxekotuagoak ziren azeriak lortuz.
Hirugarren belaunaldian jada konturatu omen zen, azeri kumeak ez zirela hain basatiak eta gizakiaren kontaktuaren beharra adierazten zutela, nahiz eta inoiz ez eduki gizakiarekin kontaktu zuzenik. Dimitrik kaiola isolatuetan edukitzen baitzituen abereak, eta janaria ezkutuan ematen zien, gizakiarekin kontaktu gutxien edukitzeko.
Baina esperimentu honen xelebrekeria, azeri berrien itxura izan zen. Izaera aldatzeaz gain, itxuran ere aldaketak izan baitzituzten belaunaldietan zehar.
Ilea kizkurtu egin zitzaien eta orbain zuriak agertzen ziren buru gainean eta sabelaldean. Isatsa txikiagoa zeukaten eta beherantz zuzendua, belarriak borobilagoak ziren eta hauek ere beherantz kokatzen ziren eta beraien burua handiagoa zen. Etxekotutako azeri hauek, azeri kumeen itxura handiagoa zuten azeri heldu batena baino eta gainera urtean behin ugaldu ordez, bi aldiz ugaltzeko gai ziren.
Dimitrik ez zituen sekula, orban zuri edo belarri makurreko azeriak aukeratzen, soilik otzan eta lasaienak zirenak, ukitzen uzten zirenak eta hozka egiten ez zutenak… azken hau ezaugarri nahiko interesgarria. Ezaugarri fisikoak, animalia otzana izateko ezaugarriekin batera etorri ziren eta hau gutxi balitz, beste abere taldeetan ere ikusi dira ezaugarri hauek, zakur, behi eta zaldietan adibidez.
Baina jokaera ezaugarriekin batera, ez dira beti ezaugarri fisiko egokienekin etortzen, galdetu bestela Frantziako bull-dog-a erosi nahi zuen nire lagunari. Oso otzana eta lasaia baina, Joanito Oiartzabal Everestera igotzen denean eramaten dituen oxigeno bonbonak behar ditu Intxurre puntara igotzeko. Bizi honetan… dena ez baita posible!!!
Posible izan dena, txoko xume hau berriro zuen artera ekartzea. Eta hau, letra hauen atzean zaudeten guztiok egiten duzue posible, beraz, eskerrik asko zuei!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!