Txerriaren lehengusu basatia

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2014ko uzt. 2a, 09:52

Bai, iritsi da eguna, non gure zutabea gure animaliarik gogokoenari eskainiko diogun: basurdeari edo, biologook diogun bezala, txerriaren lehengusu basatiari, Sus scrofa lagunentzat.

Ez gara animalia honen deskribapenean gehiegi sartuko, denok baitakigu nolakoak diren. Hala ere, aipatzekoa da bere lehengusu txerria baino askoz iletsuagoa dela eta, hark ez bezala, beheko letaginak oso luzeak dituela. Korrikalari bikaina, nahiz eta hanka oso laburrak izan eta buru handi horrekin geldo itxura eman. Hori bai, ez da distantzia luzeko korrikalaria, erraz nekatzen da; beraz, lasai, basurde batek erasotzen badizue, egin korri, noizbait nekatuko da eta... Zuek ez bazarete lehenago nekatzen! Ez baita batere erosoa izango, ia 100 kiloko animaliatzarrak emandako kolpea jasotzea!

Oso hedatua dagoen animalia da, gizakiak bazter guztietara zabaldu baitu. Gaur egun basotik paseotxo bat egin besterik ez dago, bere aztarnak ikusteko, benetako plaga bihurtu baita. Ehizagatik ugaritu egin den animalia bakarra izango da, izan ere, gure basoak animalia preziatu hau hazteko diseinatu ditugu, bolborazko makilak daramatzaten gizakiek urtero ehiza oparoa izan dezaten.

Basurdeak sastrakadun basoak ditu gustuko. Eguna bertan ezkutatuta ematen du, eta iluntzean agertzen da elikagai bila. Animalia handia dirudien arren, sastraken artean gordeta eta geldirik badago, bi metrora ere oso zaila da ikusten. Eremu handiak igaro behar izaten ditu bere dieta osatzeko, izan ere, gizakiaren moduan, orojalea da eta hainbat elikagai jan beharra dauzka bizirauteko, hala nola: belar, onddo, fruitu, hegazti, ugaztun txiki eta ez hain txikiak, narrastiak…

Esan bezala, txerriaren ahaide basatia da basoko urdea. Noizbait, gizaki batek, ez galdetu nola, basurde batzuk hartu eta etxera eraman zituen; ez zen makala! Etxean basurde horiek ugaldu ostean, hazteko errazenak eta jateko hoberenak zirenekin geratu zen eta, horrela, zakurrarekin eta etxaldeko beste abereekin gertatu zen bezala, gure txerria sortu zen.

Ez pentsa milioika urte behar izan zituenik. Etxabereen eboluzio artifiziala nahiko azkar gertatzen omen da, bestela, egin esperimentu bat barraskiloekin. Oso ahaidetasun gertukoa dute txerri eta basurdeek, elkarrekin ere ugal daitezke, eta zenbait lekutan hibrido basatiak ere ikusten omen dira. Inork etxean baldin badu, bidal diezadala argazki bat mesedez!

Itxura basati eta beldurgarria duen arren, ez da oso animalia lurraldekoia; emeek talde handiak osatzen dituzte, eta, arrak, talde horien bueltan ibiltzen dira urrunetik begira. Eta zergatik ibiltzen ote dira arrak urrunetik begira? Ugaltzeko, zertarako daude, bada, arrak! Azaro eta abenduan, urrunetik begira egon ordez, goizeko ordu txikietan taberna zuloetan gertatzen diren moduko abordajeak egiten dituzte arrek emeen taldera, ea batenbatekin zerbait egiten duten edo barrara bueltatzen diren hurrengo eraso baterako indarrak hartzera.

Ez da txerria bezain animalia ugalkorra, hala ere, duen ugalkortasun-tasa ikusita eta gure basoak beraientzat eginda daudenez, gaur egun arazo bihurtu da basurdea. Gainera, zabortegietako bisitari izateko ohitura dauka, eta baita baratzeetakoa ere.

Hemen bi gauza: basurde gehiago ehizatzen utzi behar da, edo gure basoak eraldatzen hasi beharko genuke, basurdeei bizimodua eta ugalkortasuna ez errazteko. Ni bigarren neurriaren aldekoa naiz, izan ere, urteko ehiztarien arazoa izaten omen da, ehizatutako basurde kilo mordoa nori oparitu jakitea!

Orain dela urte batzuk, pertsona batek esan zidan basurdeak hildako animalia handiak jaten omen zituela. Bere esanetan, hildako behor bat sai, azeri eta beleek ederki jan ostean, basurdeak joaten omen dira hezurren barrenean dagoen muina jatera, hildakoaren hezurra beraien aho indartsuarekin apurtuz.

Datu hori egiaztatzea benetan interesgarria litzateke gure animalien mitologiarako, beraz, ez inongo zalantzarik izan bioaniztasunetik@hotmail.com-era idazteko edo Twitter-en @Bioaniztasuneti jarraitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!