Konpostajearen etorkizuna

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2014ko mai. 8a, 12:57

Jada bada urtebete baino gehiago, gure Tolosaldea maite honetan konpostajea ezarri zela. Orain sei urte ere konpostaje ezarpenak egin ziren arren, azken urte hau izan da konpostajearen benetako urtea. Gaur egun, organikoaren ehuneko ehun konpostaje bidez kudeatzen duten herri dezente dauzkagu gure inguruan eta ziur, ene irakurleen artean ere badaudela konpostagailu bat estreinatu berri dutenak, aupa zuek! Baina zer egongo da etorkizuna deitzen diogun leku urrun horretan? Jarraitu al du konpostajeak gurean? Nolakoa izango da? Ba galdera honi erantzuteko idatzi da gaurko ekokulturaren txoko xume honetako artikulu hau. Zientzia fikzio eta etorkizun posibleen zale naizen honek, konpostajearen etorkizuna aurreikusten saiatuko naiz lerro hauetan, ea ene irakurleek duten etorkizun bera planteatzen dudan. Etorkizun hipotetiko horretan, konpostajea posible den herri guztietan konpostajeaz kudeatuko da organiko guztia. Familia bakoitzak bere konpostagailua edukiko du eta udalek, konpostaje errazteko herramientak ipiniko dituzte jendearen eskuragarri.

Konpostajea burutzen duten udal guztietan, material egituratzailearen gunea egongo da, eguneko hogeita lau orduetan zabalik eta jende guztiarentzat eskuragarri. Material egituratzaile hau, bereziki konpostajea burutzeko izango da eta egituratzaile planta batean sortuko da. Planta honek egur eta adarrak bilduko ditu, berauek beharrezko neurrian birrindu eta hezetasun konkretu batean mantenduko ditu, eta astero, udal ezberdinetan zehar banatuko du egituratzaile bikain hau. Baina egituratzaile perfektu bat edukitzeko aurrez ikerketak egin beharko dira, egituratzailearen jatorria, hezetasun maila eta birrintzeko modua aztertu eta konpostajearentzako egituratzaile perfektu bat diseinatuz: super-egituratzailea. Horretarako ikerketa zentro berri bat osatuko da: konposta I+D Gunea. Hemen, konpostaje prozesua zientifikoki aztertu ez ezik, konpostajerako egokien diren xomorro barietate hobetuak haziko dira.

Badakigu, fruta eulia hegan hasten denean, ez dela oso gogokoa konpostatzaileeen artean, nork ez du bere burua fruta euli laino baten barruan harrapatuta ikusi? Konposta I+D gunean, fruta euli, soldadu euli eta haragi euliaren beldar bereziak haziko dira, inoiz heldu bihurtzen ez direnak, eta beldar fasean, ohikoa baino denbora gehiago emango dutenak. Beldar hauek, urtero banatuko dira udalerrietan, eta konpostatzaileek hauen kantitate konkretu bat bota besterik ez dute beren konpostagailu barrura.

Modu honetara, milaka aho gosetien laguntzaz, konpostaje prozesua askoz ere azkarragoa izango da eta ez da konpostagailurik sekula beteko edo usain txarra botatzeko aukerarik egongo, hori bai, ez sartu behatza konpostagailu barruan! Taberna eta jatetxe guztiek konpostatzeko aukera izango dute bi konpostagailu handien bidez. Bat betetzen denean, bestearekin hasiko dira eta biak betetzen direnean, herrian egongo den heltze gune batera eramango dira. Heltze gune hauek herri guztietan bana edo herri txikien artean partekatuak egongo dira. Ez dago berebiziko makroproiekturik egin beharrik, nahikoa da zementuzko eremu estali eta zabal bat eta bertan, pertsona bat arduratuko da lerro luze hauek aireztatzeaz.

Eskoletan konposta egiten irakatsiko da eta goi mailako ziklo berri bat sortuko da: konpostaje eta hondakinen kudeaketa teknikaria izenekoa. Ziklo honetan, konpostatze metodo ezberdinak irakatsiko dira, baita ere konpostajearen kimika, fisika eta ekologia. Guztia Konposta I+D gunean egindako ikerketetan eta argitalpenetan oinarrituta. Urteak pasata, konpostagailuen zentro teknologiko bat sortuko da eta konpostagailu zein aireztagailuen hobekuntzak lortuko ditu. Guzti honekin, organikoa gure herrietan konpostatuko da, ez da zabortegietara eramango, gainera konpostajea optimizatu egingo da eta lehen pentsaezina zen lekuetan ezarriko da.

Honezkero, biologo honi burua joan zaiola pentsatzen duzuenok, ez zabiltzate urruti. Baina gure gizartearen hari bat edo beste maneiatzeko ahalmena eman genizuen hoiek, gogoan eduki, zoroek irekitzen dituztela gero jakitunek jarraituko dituzten bideak. Beraz, fotokopiatu artikulu hau eta gorde badaezpada ere, agian etorkizun batean baliagarri izango da eta. Eta baliagarria dena, zuen iradokizun, kritika eta «aupa hi!»-ak dira, beraz jarraitu idazten beldur gabe, bioaniztasunetik@hotmail.com eta Twitter-en.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!