Katagorria

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2014ko mar. 19a, 10:17

Urtxintxak oihanean jauzika, aldaxkatik aldaxkara… edo Tolosaldean esango genukeen bezala, hor ziak kattagorrie, adar tarten saltoka... Zeinen polita den euskara!


Ziraun munduak izan duen arrakasta ikusita, gaurkoan ere beste animaliatxo maitagarri bati helduko diogu euskal ekokulturaren txoko xume honetan. Biologo xume honek ez du egin inolako tesirik, ez du inoiz nota bikainik atera eta ziurrenik, ez du sekula Bionanotec, Bioinbiomed, Tecnalibionanomed-en ikerketarik egingo, beraz, xume garanez, animaliatxo xumeei buruz idaztea suertatu zaigu.

Zortedunak gara! Antardidako baleen ikerketak, Amazoniako oihaneko tximuei buruzko erreportajeak edo bizitzeko adina diru ematen duten beka zoragarriak, beste biologo mota batzuei utziko dizkiogu. Gu, katagorriak bezala, urteroko ezkurren bila goaz… adarretik adarrera. Gure gaurko portagonista (Sciurus vulgaris), txiki eta arina, edozelako eremu eta inguruetan aurki dezakegun animaliatxoa da: baso, parke zein hirietan. Txikia da gure katagorria, 30 gramo exkax, 50 zentimetro luze eta neurri honen erdia buztanak betetzen du. Kolore gorrizta duten arren, negu aldean ilunagoa da eta belarrien puntetan, pintzel oduko ile luzeak agertzen zaizkie. Beraz, katagorri baten argazkia ikusten duzuenean, badaukazute jakitea zein urte sasoietan atera zaion. Nahiko animalia ñimiñoa dugu, baina adar puntetan barrena dabilen animaliarentzat, ez da komeni 50 kilo edukitzea, azpian duen adarra apurtu eta berebiziko zartakoa hartu nahi ez badu behintzat. Beraz, txikia eta arina dena, adar ahulenaren puntan ere seguru dabil, eta berau jatera animalia handiren bat badator, adarrik meheenaren puntan mantentzea nahikoa du. Aurreko hanketan lau behatz eta bost atzekoetan, guztiak atzapar sendoez hornituak.

Bere mugitzeko ahalmena atzeko hanketan dago, aurrekoak, janaria manipulatzeko erabiltzen dituelarik. Intxaur, ezkur eta fruitu lehor jalea zelakoan zaudetenak, jakin dezazuela, katagorria onddoak ere jateko gai dela eta zenbaitetan, hegaztien habietatik lapurtutako arrautzak eta tamaina txikiko txoritxoen zalea ere badela. Udazkena dute aktibitate handieneko urtaroa, bertan egoten baitira hain gustuko dituzten fruitu lehorrak eskuragarri. Garai honetan, katagorria zoro moduan ezkur eta intxaurrak bildu eta zuhaitz zuloetan gordetzen hasten da, negua iristen denerako nahikoa janari izateko, izan ere, basoko bizidun honek neguan ez du lozorrorik egiten. Animaliatxo txiki honen memoria ez da oso ona eta sarritan, bere biltegien kokalekua ahaztu egiten zaio eta ezkur talde mordoa geratzen da zuloren batean ahaztuta. Taldean bilduta dauden ezkur hauek, harritzekoa den arren, errazago hazten omen dira bakarka hazten diren ezkurrak baino, beraz, nolabait, katagorriak eta bere adimen txarrak, haritz eta intxaurrondoen hazkundea faboratzen du.

Bi kumaldiko animalia da katagorria, udaberrian eta uda amaieran. Emeak araldian daudenean, adar batean ipintzen dira eta usain berezi bat isurtzen dute airera, usain hau inguruan dauden katagorri arrek usaintzen dutenean, emea dagoen lekura doaz zoro moduan. Imajina ezazue emea ipini den adar horretan egongo den festa, hamar bat ar eme bat nahian! Normalean, ar handi eta astapotroena ugaltzen da emearekin, gero ar saridun hau beste eme baten bila doa, bere zorte onak iraungo dion esperantzarekin. Gizarajoak ez dakiena da, katagorri emea, berarekin egon ostean, beste ar baten bila joango dela. Aukera edukiz gero, zergatik geratu lehen agertu den astapotroarekin?

Ugal sasoia kenduta, orokorrean oso animalia bakartia dugu katagorria, bere bizimoduaren gehiengoa adar puntetan eramaten duen arren, noizbehinka lurrera jaisten da eta uretan igeri ere behatu izan da animalia hau. Ale batek, 300 metro karratuko bizi eremua izan ohi du, txizarekin ongi mugatua. Eremu honetan, elikagaien gehiengoa lortzeaz gainera, deskantsurako 6 habi inguru edukitzen ditu, goroldio eta hosto lehorrez eginak. Animali oso aktibo eta txikia izanik, ez da urte askotan bizi, 6 urte inguru egoera naturalean. Izan ere, bere harraparien artean, basakatua, erbinudea, lepazuria eta lepahoria dauzka. A ze laukotea! Udaberria atarian dugun honetan beraz, egin paseotxo bat, ea gai zareten katagorriak zuhaitzen puntetan ikusteko eta bioaniztasunetik@hotmail.comera argazkitxo bat bidaltzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!