Zenbat ordu egin ote dituzte baserritarrek, sator-zulo aurrean geldi-geldirik, arnasarik ere hartu gabe. Batzuk aitzurra hartua, besteak sardea eta bada eskopetarekin satorrak akabatzen dituenik ere. Eskopetaren punta sator-zulo irteeran jarri eta sator gaixoak muturtxo txiki polita zulotik ateratzen duenean, danba! Amerikanoek gerrarako frankotiratzaileak nahi dituztela? Etor daitezela hona.
Animalia gorrotatuen bigarren postuan, pixtia dago. Ez galdetu zer den, burutu ditudan elkarrizketetan egin dizkidaten deskribapenengatik, pixtia: zapelatza, hontza, saia eta miruaren arteko hibrido bat delakoan nago, oso hegalari ona, bizkorra, gauean agertzen dena eta oiloak, untxiak eta txitak jaten dituena. Agian oraindik aurkitu gabeko espezie arraroren bat izango da. Hirugarren postuan, gaurko zutabea eskainiko diogun zirauna (Anguis fragilis) dugu. Animalia luzanga bat hankarik gabekoa, luze eta distiratsua, suge baten antzekoa, baina ez dena sugea.
Udan belarra segarekin mozten berebiziko abilezia dugunok oso ezaguna dugu animalia berezi hau. Beti agertzen zen lehortzen utzitako belar mordo baten azpian, distiratsua, abiada batean baserritarraren sega hilgarritik ihes, azken finean, heriotzatik ihes. Heriotza, sega bat duen beltzez jantzitako gizon baten moduan erakusten da mitologian, ba horra hor adibidea! Gurean berebiziko tradizioa edo obsesioa izan da zirauna ikusi eta hil egin behar izatea, segan ari diren guztiek beren lana utzi eta denak ziraun koitadua akabatzera, eta hura akabatu arteko onik ez! Eta noizbait ez bazen ziraun hura harrapatzen, jada belar-mozte lanak ez zuen horrenbeste graziarik. Benetan xelebreak gara, bai horixe! Zirauna hiltzeko dugun tradizio hau, ziraunaren itxurak suge bat gogorazten digulako da, baina zirauna ez da suge bat, zirauna, musker mota bat da. Musker berdea eta sugandilaren gertuko ahaidea, baina hankarik ez duena. Egin froga bat: hartu sugandila bat isatsetik, isatsa apurtu egingo da. Egin berdina ziraunarekin, honi ere isatsa apurtzen zaio, horra ahaidetasun froga. Ziraunaren urrutiko ahaide batek, hankarik ez izateko erabakia hartu zuen noizbait eta honelaxe ezberdindu ziren ziraunak, sugandila eta muskerrengandik.
Hankarik ez izatea erabakitzen duten animalia ugari izan dira bizidunen historian, lurpean eta hosto artean ibiltzeko modu egoki eta isila da nonbait. Bere lehengusu-lehengusina narrastiek ez bezala, ziraunak ez du atsegin eguzkia. Ezkata mehe eta gorputz umela duenez, eguzkiak ez dio onik egiten eta nahiago ditu leku hezeak eta egunaren azken orduak, eta beste narrastiek ez bezala, gai da bere barne tenperatura erregulatzeko. Urria eta martxoa artean lozorroan egoten da, eta udaberria berriro etortzen denean esnatzen da. Baina ez ditu gizakiak jaten, ez da arriskutsua, ez du pozoinik eta hortz beldurgarririk. Gehienetan zizare eta bareez elikatzen da, beraz gure baratza inguruan ziraunak izatea ez da hain txarra. Baina animaliatxo honek ere, animalia guztiek bezala, ugal sasoian aldaketa batzuk jasaten ditu.
Lehenik bere barrabilen tamaina dezente handitzen da eta oso oldarkorra bihurtzen da, arren artean borrokak egiteraino. Eme bat lortzen duen ar zoriontsuak, 10 orduko kopula egiten du emearekin! Animalia munduan errekorra ote? Baina honekin ez du emea bereganatzen, zeren emea, hamar orduko sexu nekaezinaren ostean, gai da beste ar bat edo beste aurkitu, eta hauekin beste hamar orduz jo eta ke aritzeko! Australiako dokumentalak ikusi eta liluratu egiten gara bertako faunarekin, baina hemen ere badugu bai nahikoa animalia zelebre. Hankarik gabeko animalia luzanga bat, non udaberrian barrabilak hazi egiten zaizkion eta animalia erasokor eta hiltzailea bihurtzen den, eta hau gutxi balitz, 10 ordu gainka egiten egoten dena! Honelako animaliekin, nork behar ditu koala eta ornitorrinkoak? Datu zelebrea da, ziraun emeak, arrautzak bere barrenean eramaten ditu kumeak bertatik irten arte, beraz ez ditu arrautzak erruten, kumeak zuzenean ateratzen dira amaren barrutik. Ziraun jaio berriek, argi ibili behar dute, zeren berebiziko narrasti, hegazti, baserritarren sega eta ugaztun pila baitago beraiek jateko gogoz.
Zuen mezu gogoz bioaniztasunetik@hotmail.com dago, idatzi lasai, eta pixtia ikusten baduzue, atera argazki bat, ea gure misteriorik handiena argitzen dugun eta www.euskalnatura.com orrialdean ipintzen dugun.