Trilogiaren azken atala konpostagile askoren amesgaizto bati eskainiko diot, Drosophila melanogaster fruta-euliari. Nire itxaropena da hain gorrotatua den xomorro hau ez izatea hain gorrotagarria, eta irakurleenganako interes apur bat piztea. Ipini zuen farmaziako betaurrekoak sudur gainean eta ekin irakurtzeari!
Honezkero nire irakurleek jakingo duten bezala fruta-eulia intsektua da, eta sei hanka ditu. Euli orok bezala, hasera batean bi hegal pare zituen arren, atzeko bi hegalak, oreka mantentzeko makiltxo moduko luzakinak bihurtu zaizkio. Hurrengo batean, euliak trapu batekin akabatu ordez, begiratu beraien hegal eta ipurdiaren artean dauden aipatutako luzakinetan, erraz ikusten dira.
Fruta-eulia, bere izenak dioen bezala, frutazalea da, batez ere, usteltzen hasita dagoena. Ama arrautzak ipintzeko fruta bila joaten da, kolore laranja edo horia duen fruta atsegin omen zaio, fruta heldua, bere kumetxoentzako azukrez beteta dagoena. Arrautza txikiak, frutaren barrenean sartzen ditu eta bi egunen inguruan, arrautzetik beldar txuria aterako da eta beldar guztiak bezala fruta hau jaten hasiko da. Honelaxe egongo da, fruta-euli gaztea, jan eta jan, hamar bat egunez, eta gero, intsektu on bat izaki, pupa deritzon zakutxo batean sartuko da eta bertan heldu bihurtu.
Pare bat astetan aterako da fruta-euli heldua pupatik, eta intsektu heldu guztiek bezala, helburu bat izango du: ugaltzea! Baina hementxe dago arazoa, izan ere, fruta-euli heldua, hegalaria eta gorputz helduagokoa den arren, ugaltzeko organoak garatzeko dauzka oraindik, eta beharrezkoa du frutak dituen azukre kopuru bat jatea, ugaltzeko organoak garatu eta eme baten bila joateko.
Beraz, bestelako intsektuak, heldu bihurtzean, sexu gosez hegan hasten diren heinean, fruta eulia fruta gosez akabatzen hegaldatzen da eta inguruko eme guztiei jaramonik egin gabe, fruta bila hasten da. Behin fruta-euli arra, frutez asebete denean eta ugal organoak garatu dituenean…eme bila hasten da! Baina ez da asko mugitzen, bere gorputzetik usain berezi bat botatzen du eta euskaldunen artean arraroa den bezala, emeak hurbiltzen zaizkio beregana!
Fruta-euliek, euskaldun arrekin alderatuz, ez dute ez bizimodu txarra! Emea haurdun geratzen denean, gai da errun aldi batean, 400 arrautza ipintzeko! Ez da harritzekoa beraz, zenbaitetan gure konpostagailuak fruta euliz lepo egotea, ezta?
Hala ere, fruta-euliak ez dira edozelako inguruneetan bizi, nahiago dituzte leku epelak, 16 gardutik 30era bitartean, eta hezetasun handikoak, justu gure konpostagailuan barruan egoten den bezala. Pertsonalki egin ditudan behaketetan, konpostagile askok eltxo deitzen die fruta-euliari, baina ez dute zerikusirik gauean odola xurgatzen diguten banpiro horiekin. Konpostagailuko tapa azpian, buruz behera egoteko joera dute eta tapa irekitzean, euli-hodei bat sortzen da, nahiko ezerosoa konpostagilearentzat, batez ere arnasten badira. Hala ere, oso gutxitan ikusi dut fruta-eulia etxeetan sartzen eta urteko hilabeterik gehienetan, ez dute arazorik ematen.
Gomendio moduan, betikoa: ez utzi frutarik konpostagailu gainean bistan, fruta-euli txiki hauek oso urrunetik atzematen baitute, beraz, material egituratzailearekin tapatu beti. Hala eta guztiz ere, konpostatzaileok egon lasai, Nazioarteko Konpostagile Agentzia eta I+D KONPOST departamentuaren laguntzarekin, konpostaje prozesu egoki eta efizientea ikertzen ari gara, baita fruta-eulia eta konpostajeko bestelako arazoak ekidingo dituzten hainbat neurri ere.
Esan behar da, ikerketa hauek guztiz ezkutukoak direla eta Estatu Batuek utzi diguten Arizonako lurpeko bunker batean egiten ari garela, izan ere, Euskadin ez baitago dirurik I+D KONPOST-a garatzeko! Hala ere, dirua soberan duzun Arabiar bat bazara eta futbol talde batean zure dirua xahutu ordez, guztientzako onuragarria izango den ikerketa batean inbertitu bahi baduzu, idatzi lasai bioaniztasunetik@hotmail.com edo Twitter-eko @bioaniztasuneti-era, esku zabalik hartuko zaitugu eta organikoa zabortegitik ezabatu nahi dugun orok, bihotz-bihotzez eskertuko dizu!