Zizarea, xixarea edo txitxarea... biologo garenok lagun artean Lumbricus terrestris deitzen diogu. Txitxareak luze eta argalak dira, eraztunez beteriko gorputz zilindrikoa daukate, ehunka muskuluz hornitua eta berauen mugimenduz mugitzen dira lurpeko iluntasunean. Bertan, galeriak eginez ibiltzen dira, lurra irentsi, bertatik elikagaiak lortu eta ipurdiko zulotik hondakinak ateraz. Lan horretan etengabe, lurpean milioika zulo egiten dituzte eta lurpea aireztatzen dute, beraz, ez dira txarrak zizareak gure baratzetan, horrez gain, zizare baten hesteetan, milioika bakterio daude, non, zizareen gorotza, ongarri bikain bihurtzen dutenak, beraz, ez da lagun txarra zizare jauna! Zizare batek, lurpetik gertu, konpostagailu bateko materia organiko gozoa hatzematen badu, ez du dudarik egiten bertara gerturatu eta mokadu eder batzuk jatean.
Baina nola atzematen du, materia organiko gozoa, begirik gabeko zizare xinpleak? Zizareak, gorputz buelta guztian harizpi mehe ñimiño batzuk dauzka, harizpi hauek, gure sudurraren eta mihiaren funtzioa egiten dute eta lurra dastatuz eta usainduz joaten dira. Modu honetara, zizare koittadua, amerikarrek gustu handiz hartuko luketen radarrik bikainena baino tramankulu zehatzagoa bihurtzen da. Marrazoek, kilometrotara atzematen dutela odola itsasoko uretan? Jakin nahi nuke zizare batek zenbat metrotara atzematen dituen lurpean lurrazaleko elikagaiak!
Zizareak aho txikia du, beraz, konpostagailu barrenean, nahiko berandu agertzen da, bestelako xomorroek materia organiko guztia ongi xehetu ostean. Gainera, barreneko geruzak nahiago ditu eta ez zaio batere atsegin kanpoko argia, nahiko banpiroa dugu gure zizarea! Biziduna izanik, ugaldu egiten da, baina modu apur bat arraroaz, izan ere, zizareak, barraskiloen antzera hermafroditak dira. Honek, esan nahi du, zizare bat aldi berean arra eta emea dela. Gezurra badirudi ere, honek abantaila handia ematen du bikotekidea topatzerakoan, topatzen den zizare orok balio baitu ugaltzeko, ez dago arra edo emea den jakin beharrik, denek balio dute denetarako! Zizareek gobernatutako mundu batean, zizare bat gaueko ordu txikitan taberna batean sartuko balitz, edozeinekin ligatu ahal luke, ez luke ar edo eme kudrilla baten bila joan beharrik. Ez da ez negozio txarra!
Bikotekideak elkar korapilatuz ugaltzen dira, eta noski, bikotekide biak geratzen dira haurdun. Beren gorputzetan arrautzak sortzen dira eta zizareen gorputzaren erdialdean dagoen gune lodiago batean biltzen dira arrautza hauek. Hauek errun eta aste gutxira zizare heldu bihurtzen dira eta berriro ugaltzeko prest daude. Dirudienez, zizare bat, bost bat urte bizi da normalean, beraz, nahiko denbora gutxi dute bizidunen egin beharrak egiteko.
Gurean Lumbricus terrestris zizare Europarra dugun arren, bada beste zizare bat nahiko modan ipini dena: zizare kaliforniarra (Eisenia Fetida). Zizare hau, beste zizare mota batzuk gurutzatuz sortu zen Kalifornia inguruko laborategi batean eta oso preziatua da zizare bidezko konpostajean: bermikonpostajean. Izan ere, zizare hau, gurea baino handia eta lodiagoa da (amerikarra delako ote?), gure zizareak baino dezente gehiago jaten du eta konpostagailuko materia organikoa askoz ere azkarrago desagertarazten du, dirudienez, nutriente gehiagoko konposta sortuz.
Honezkero, zuen konpostagailu barrenean, Kaliforniako zizarea ipintzea pentsatzen ari zaretenoi pare bat gauzatxo. Gogoratzen al zarete, Ameriketako karramarroaz? Eta Asiako liztorraz? Eta Argentinako Panapa-belarraz? Nork daki zer gertatzen den lurpean? Inork ikertu al du, gure zizaretxo txikiaren populazioak nola dauden? Inork atzeman al du, bermikonpostagailuetatik Kaliforniako zizarerik atera ote den? Urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau! Kontuz bizidunekin, hauek ez daukate OFF botoirik eta! Eta ON botoia erabat martxan daukana, gure posta elektronikoa eta twitter-a da, beraz, idatzi lasai! bioaniztasunetik@hotmail.com edo @bioaniztasueti.