«Sasoi perfektua izan da uzteko. Tolosako urtea opari bat izan da»

Erabiltzailearen aurpegia Ainara Arratibel Gascon 2023ko urr. 28a, 11:30

BERRIA.EUS / JON URBE / FOKU

Duela egun batzuk jakinarazi zuen Lestayok arrauna utzi duela. «Taldekideekin egotearen hutsunea nabarituko dut gehien, baita udako lehia hori ere. Baina asebeterik noa», azaldu du.

Irribarretsu iritsi da Izaro Lestayo hitzordura (Getaria, Gipuzkoa, 1998). Elkarrizketa ez du galdu, eta goxo errepasatu ditu bere ibilbidea eta patroiaren jarduna.

Aurreko asteburuan iragarri zenuen arrauna utziko duzula. Sare sozialetan zabaldutako mezu baten bidez izan zen. Zer izan da zailagoa, erabakia hartzea edo idatzi hori idaztea?

Zailena, behin erabakia hartuta entrenatzaileari eta taldekideei utzi egingo nuela esatea.

Nola esan zenien?

Aste hasieran, entrenatzaileari esan nion. Hark jarraitzera animatu ninduen, eta horretarako hainbat aukera eman zizkidan. Baina garbi nuen ezetz. Eskatu nion taldekideei ez ezer esateko, nik esan nahi niela. Justu ostiral horretan taldeko afari bat genuen, eta garai egokia iruditu zitzaidan esateko. Batzuk ezin ziren etorri, eta bezperan bideo deia egin nuen haiekin. Haiek ere ahalegindu dira konbentzitzen, baina ulertu ere egin naute.

Zergatik erabaki duzu orain esatea?

Egia esan, aurreko urtean esaten nuen hau nire azken urtea izango zela. Baina, egin dugun denboraldia ikusita, beti ematen dizu jarraitzeko gogoa. Bihotzak esaten zidan jarraitzeko. Baina, behin errealitatea ikusita, eta burua hotz, ikusi nuen zaila izango zela jarraitzea eta ikasketekin uztatzea. Izan ere, odontologiako azken urtea ikasten ari naiz. Gainera, konturatu nintzen urte perfektua zela uzteko.

Idatzian zenioen arraunak baduela zerbait uzteko zail egiten duena. Zer dauka?

Arraunak asko eman dit: lagunak, diziplina, azken urte honetan nigan konfiantza handiagoa izatea...

Zeren hutsunea nabarituko duzu batez ere?

Hasieran arraunak hartzen zidan denbora: horren hutsunea izango dudala uste dut. Ea nola kudeatzen eta betetzen dudan denbora hori. Kirola egiten jarraitzeko asmoa dut: nire kabuz joango naiz gimnasiora. Lagun artean egotearen falta ere sumatuko dut. Izan ere, taldekideak lagun ere bihurtzen dira, eta ez dut hainbeste denbora igaroko haiekin. Eta, nola ez, uda iristean lehiaketa bera. Gogorra da, baina amaieran beti esaten dugu uda motz egiten dela.

Arraunean ibilbide bat egin duzuen hainbat emakumek utzi duzue arrauna denboraldia amaituta: Eli Pescadorrek, Nadeth Agirrek, zuk. Zer diozu horri buruz?

Gazteei ateak ireki behar zaizkiela. Erretiroa hartzeak pena ematen du, baina zure ibilbidea ikusita konturatzen zara oparoa izan dela, aberasgarria, eta asebeteta zoaz. Nik banekien sasoi hau agian azkena izango zela. Nirekin batera, Maialen [Amondarain] aritu da patroi lanetan, eta aprobetxatu dut hari ahalik eta gehiena erakusteko.

Amondarainek nola hartu du zu joatea?

Esan nionean, eskuak burura eraman, eta esan zuen: «Ai ama, orain bakar-bakarrik geratuko naiz». Baina esan nion denak berdin hasten garela. Asko gustatzen zait nola eramaten eta animatzen duen ontzia. Berdin jarraitzeko esan diot, taldeak asko errespetatzen baitu.

Jarraitu irakurtzen Berria.eus webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!