Ikuskizuna izateko diseinatuak

Erabiltzailearen aurpegia IƱaki Berastegi 2023ko api. 6a, 11:00

Nola diseinatzen da itzuli bateko etapa bat? Abraham Olano Espainiako Vueltako zuzendari tekniko ohiak dio etapak egungo ziklismo erasokor eta ausartera «egokitzeko» joera dagoela.

Omar Fraile Ineos taldeko txirrindulari santurtziarrak diseinatu du gaurko Euskal Herriko Itzuliko etapa, Santurtzin (Bizkaia) hasi eta bertan amaituko dena. Inguru horietan jaio, bizi eta entrenatzen da Ineosekoa, eta, beraz, errepidearen metro bakoitza inork baino hobeto ezagutzen du. Horregatik jaso zuen Itzuliaren enkargua.

Halako lanetan esperientzia zabala duen txirrindulari ohietako bat da Abraham Olano (Anoeta, Gipuzkoa, 1970). Zortzi urtez Espainiako Vueltaren ibilbidea egiteaz arduratu zen, 2004tik 2012ra. Anoetarrak dioenez, «ohikoa» da txirrindulari edo txirrindulari ohiengana jotzea etapak egiterako orduan. «Lasterketarentzat aberasgarria dela esango nuke. Bertako txirrindulariek inork baino hobeto ezagutzen dituzte inguruak eta errepideak».

Etapa baten ibilbidea diseinatzerako orduan, irteerak eta helmugak zehaztea da egin beharreko aurreneko gauza. «Ibilbidea baldintzatzen duten lehen aldagaiak dira. Batzuetan, irteera edo helmuga hartzeko eskari ugari dituzu, baina halakorik ez dagoenean, etapa diseinatu eta zonako udal eta agintariei saldu behar diezu. Zailena eskaririk ez dagoenean izaten da».

Behin hori eginda, irteera eta helmuga hartuko dutenek zer eraikin, paisaia edo bestelako gauza erakutsi nahi duten erabakitzen da. «Orduan hasten da benetako lana. Gauza bat edo beste erakusteko, bide bat edo bestea aukeratzea dagokigu. Noski, aurreko aldietan inguruan egindako etapei ere begiratzen zaio». Hala ere, ahal den neurrian, igoera eta bide berriak txertatzen ahalegintzen da antolakuntza. «Inguruak eta errepideak ondo baino hobeto ezagutzen ditugu, baina tarteka agertzen dira gauza berriak. Berritasunak pizgarri izaten dira, eta halakoak aurkitzeko garrantzitsua da inguruko ziklistekin edo zikloturistekin hitz egitea. Zuk deitzen diezu iritzia eskatzeko, edo, beste askotan, behin irteera eta helmuga ofizial egindakoan, eurak ere jarri ohi dira antolakuntzarekin harremanetan». Halere, bide eta igoera berriak aurkitzea «salbuespena» dira.

Espainiako Vueltako antolakuntzako zuzendari teknikoa izan zenean, Olanok eta lantaldeak hiru aldiz egiten zuten ibilbide osoa. «Lehenengoan, ideiak hartu eta inguruko agintarien eskariak entzuten genituen. Bigarrenean, ibilbidea zehaztu, eta profila eta rutometroa egiten genuen. Hirugarrena dena ondo dagoela zehazteko erabiltzen genuen».

Inguruan egindako lasterketa egunei ez ezik, diseinatutako etapa hori itzuli bateko egutegian non kokatzeak ere badu bere garrantzia. «Aurreko egunari eta hurrengoari ere begiratu behar zaie. Esaterako, mendiko etapak, normalean, asteburuetan jartzen ahalegintzen zara, errepidera jende gehiago gerturatu dadin. Igoera bat zalerik gabe ez da gauza berbera». Horrekin batera, lekualdatzeak gutxitzea eta ahalik eta laburrenak izatea ere «funtsezkoa» da, Olanok dioenez.

Jarraitu irakurtzen Berria.eus webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!