Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak deituta, Euskadiko Plan Zibilaren Aholku Batzordeak (Labi) bilera egin du gaur, eta atzo zabaldu zen informazioa berretsi du Urkulluk berak bileraren ondoren: zenbait neurri zorroztuko dituzte datorren astelehenetik aurrera. Itxiera perimetrala ezarriko dute azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 400eko intzidentzia tasa duten herri eta lurraldeetan, eta are gehiago murriztuko dituzte espazio itxietako ordutegiak.
Eusko Jaurlaritzak gaur eman dituen datuen arabera, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak ez dute muga hori gainditzen, nahiz eta Araba 300dik gora egon. Arabak 322,83ko intzidentzia tasa du; Bizkaiak, 243,59koa; eta Gipuzkoak, 229,44koa. Zenbait herriri eragingo lieke, ordea neurri horrek: Beasain (813,07), Elorrio (751,88), Ermua (699,17), Lazkao (1.154,12), Ondarroa (548,62) eta Ordizia (883,81) itxiko lituzkete, gaurko datuen arabera. Tolosaldeari dagokionez, ez dago une honetan 400dik gorako tasa duen 5.000 biztanle baino gehiagoko herririk. Bihar jakinaraziko dute zer herritan ezarriko dituzten neurri murriztaileak, eta, aurrerantzean ere, astelehenero eguneratuko dute zerrenda hori.
400dik gorako tasa duten herrietan, neurri murriztaileagoak ezarriko dizkiote ostalaritzari: tabernen eta jatetxeen barruan egoteko ordutegiak murriztuko dituzte. 06:30etik 09:30era egongo da barruan egoteko aukera goizetan, eta 13:00etatik 16:30era arratsaldeetan. Udalerri horietako herritarrek udalerri mugakideetara joateko aukera izango dute erosketak egitera eta aire librean kirola egitera.
Azken egunetan, Eusko Jaurlaritzako agintariek adierazi dute ez zegoela Labiren aholku batzordea elkartzeko arrazoirik, eta bere horretan utziko zituztela neurri murriztaileak Aste Santurako. Hala ere, datuak nabarmen okerrera egiten ari direla ikusita, atzera egin du Urkulluk. Gaur, azken sei asteetako kasu gehien atzeman dute Hego Euskal Herrian: 809. Bizkaian 293, Nafarroan 205, Gipuzkoan 199, eta Araban 104.