Koronabirusa

Tolosako Asuncion klinika konfinatu egin dute

Erabiltzailearen aurpegia Gari Goikoetxea 2020ko urriaren 9a

Azken egunetan positibo ugari agertu dira zentroan, eta ohiko jarduna etetea erabaki dute. Pazienteek ez dute bisitarik jasoko, eta inor gehiago ospitaleratu behar izatekotan, Bidasoako ospitalera eramango dute.

Osasun zerbitzua eten egin dute Tolosako (Gipuzkoa) Asuncion klinikan. Zentroko iturrietatik BERRIAk jakin duenez, azken egunetan positibo ugari azaldu dira klinikako langileen artean, eta, egoera ikusita, zerbitzua etetea erabaki dute gaur arratsean.

Aste hasieran hasi ziren koronabirus kasuen berri izaten Asuncion klinikan: hiru medikuk eta administrazioko langile batek eman zuten positibo. Egoera ikusita, PCR probak egin dizkiete klinikako langileei, eta positibo gehiago azaldu dira. Kutsatze katea ikertzen ari dira, eta langileei probak egingo dizkiete berriro, positibo gehiago baden jakiteko.

Lehen positiboen berri izatean, erabaki zuten bisitak etetea, klinikan dauden pazienteek bisitarik ez jasotzea. Ordea, arazoaren larritasuna ikusita, aparteko neurriak hartu dituzte orain, eta bertan behera utzi dute zerbitzu gehiena. Soilik larrialdiak artatuko dituzte, eta ez da izango ebakuntzarik eta kontsultarik. Jadanik Asuncionen dauden pazienteek bertan jarraituko dute, zaintzapean. Beste norbait erietxeratu behar izatekotan, berriz, ez dute klinikan artatuko: Bidasoako ospitalera bideratuko dute, Irunera.

Klinika pribatua da Asuncion, baina zerbitzu publikoa ematen du Tolosaldean, Osakidetzarekin hitzarmena egina baitauka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!