Konfinamendutik ateratzen hasteko planaren nondik norakoak aurkezten ari da Pedro Sanchez Espainiako Presidentea. Helburua, osasuna mantenduz ekonomia martxan paratzea dela nabarmendu du Sanchezek eta plana idazterako orduan, adituen iritziak, sindikatuenak eta gizarte zibilarenak jaso dituztela. Planak lau fase izango dituela azpimarratu du Espainiako Presidenteak eta fase bakoitza gutxienez bi astekoa izango dela. «Normaltasuna» ekaina amaieran lortu nahi du Sanchezek.
Konfinamendutik ateratzen hasteko plana mailakakoa eta asimetrikoa izango dela nabarmendu du Sanchezek. «Ezingo da probintzien arteko mugimendurik egin, onartutako ekintzak bizi den probintzian egiten ahalko dira», azpimarratu du. Sanchezek behin eta berriz erran du konfinamendutik ateratzea probintzia bakoitzaren egoeraren araberakoa izango dela eta ohartarazi du uneren batean egoera okertuz gero berriz ere atzera egiteko aukera izanen dela.
Konfinamendutik ateratzea lau fasetan egingo dela nabarmendu du. Sanchezek erran duenez, dagoeneko prestaketa fasean dago gizartea. Haurrak eta helduak kalera ateratzeaz gain, etxera eramateko janaria prestatzen duten jatetxeak ere irekitzen ahalko dira. Gainera, kirolari profesionalek entrenatzeko aukera izanen dute.
Lehenengo fasean, denda txikiak irekitzen ahalko dira. 65 urtetik aitzinerakoek lehentasuna izango dute horrelako dendatara joateko orduan. Gainera, erlijio guneak ere irekitzen ahalko dira beraien edukieraren herena bakarrik erabilita. Garraio publikoan maskara erabiltzea gomendatuko dute, baina ez da derrigorrezkoa izango.
Bigarren fasea lehenengo fasean menpe egonen dela nabarmendu du Sanchezek. Hala, jatetxeak irekitzen ahalko dira, edukieraren herena bakarrik erabiliz. Erakusketa gelak eta antzokiak ere irekiko dira, beti ere edukieraren herena beteta. Hezkuntzari dagokionez, Sanchezek nabarmendu du ikasturte berria irailean hasiko dela eta iraila baino lehen hiru salbuespenetarako irekiko direla ikastetxeak: selektibitatea egiteko, errefortzuetarako klaseak emateko eta nork zaindu ez duten sei urtetik beherako haurrak joateko.
Hirugarren fasean, mugikortasuna irekiko dela nabarmendu du Sanchezek eta maskararen erabilera gomendatuko dutela.