Koronabirusa

Honela izango da deskonfinamendua Hego Euskal Herrian

Erabiltzailearen aurpegia Lander Arbelaitz Mitxelena 2020ko api. 28a, 19:04

Espainiako Estatuko, eta beraz, Hego Euskal Herriko deskonfinamendu neurriak jakinarazi ditu Pedro Sanchez Espainiako Estatuko presidenteak astearte arratsaldean. Prozesuak sei aste iraungo ditu eta lau fasetan banatuta egongo da. Bakoitzak bi asteko iraupena izango du. "Ekain amaieran normaltasun berria" izan nahi du Espainiako Estatu osoan. Fase bakoitzaren neurri orokorrak jakinarazi ditu Sanchezek. Alarma egoera beste bi astez luzatzeko eskatu du.

Nola izango da deseskalada? "Graduala, asimetrikoa eta koordinatua", esanez hasi da. Jarduera eta mugikortasun soziala fase ezberdinetan banatu dituzte. "Probintziak izango dira unitateak, eta probintzien artean ezingo da mugitu". Hau da, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan, lurralde bakoitzaren barruan mugitzeko baimena egongo da, baina ezingo da batetik bestera ibili.

Gaur egun bizi den zero fasea kontutan hartu gabe, beste hiru fase banatu dituzte.

Zero fasea, maiatzaren 4tik aurrera: Trantsizioaren prestaketa, gaur egungo egoera. Haurrak atera ahal izatea erabaki berri zuten eta maiatzaren 2an herritarrak atera ahal izango dira jarduera fisikoa egiteko, eta zenbait jarduera ekonomiko ere baimenduko dituzte: jatetxe edo tabernak lan egin ahal izango dute jendeari jana emanez etxera eramateko. Horren ostean hiru fase bereizi ditu Espainiako Gobernuak eta hasiera batean fase bakoitza bi astekoa izango da gutxienez, lurralde bakoitzean:

Lehen fasea, hasiera batean maiatzaren 11tik aurrera: zenbait jarduera abiatzea baimenduko dute, adibidez, komertzio txikiak. Zentro komertzialak ezingo dira ireki. Terrazak edo ostalaritzan, hotel edo alojamentu turistikoak irekitzeko baimena emango dute, espazio komunak salbuespen hartuta. Lokalak irekitzean ordutegien mugak egongo dira. Otoitzerako guneak ireki ahal izango dira aforoa neurtuta. Garraio publikoan maskarila "bereziki gomendua" izango da.

Bigarren fasea, hasiera batean bi astera: lortuz gero jarritako helburuak, ostalaritzako lokal barruetan irekitzeko baimena emango zaie, %30eko aforoarekin. Ikasturtea irailean hasiko da. Ehiza eta arrantza baimenduko dituzte, zinema eta antzokiak ere irekiko dira %30eko aforoarekin, eserlekuak aurrez finkatuta; 50 pertsonatik beherako ekitaldi kulturalak eta aire librekoak baimenduko dituzte 400etik behera, beti ere eserita bada.

Hirugarren fasea, hasiera batean bi astera: Hau izango da fase aurreratua. Lokal komertzialak aforoaren erdiarekin eta pertsonen arteko bi metroko espazioa errespetatu beharko da. Mugikortasun neurriak malgutuko dituzte. Hondartzak fase honetan irekiko dituzte.

Bi astean behin azterketa

Espainiako Osasun Ministerioak zehaztuko ditu baldintzak eta egunotan jakinaraziko dituzte. Bi astean behin neurtuko dute lurralde bakoitzaren ebaluazioa eta erabakiko dute ea probintzia bakoitza hurrengo fasera pasako den. Bi aste luzatuko da fase bakoitza eta ekain amaierarako "normaltasun berria" izan nahi du Sanchezek.

Hurrengo maiatzaren 4an lehen fasean sartuko dira lurralde guztiak. Kanariar Uharteetako eta Balear Uharteetako irla batzuk aurretik joango dira.

Irteerak ordenatzeko zenbait ordutegi banatzea ikertzen ari direla adierazi du, Nacio Digitaleko kazetari baten galderari erantzunez. 

Krisi hau ez dutela betikoek ordainduko adierazi izan duela gogorarazi dio kazetari batek eta ea hori zertan zehaztuko den galdetu dio. Sanchezek esan du lehendik ere zenbait zerga berri prestatzen ari zirela, baina galderari iskin egin dio.

Hildakoak izan ditu gogoan bere lehen hitzetan. "Gizarte bezala zor bikoitza dugu beraiekin", adierazi du. Neurri hauek zehazteko orduan, beste zenbait herrialdetako esperientziak kontutan hartu dituztela esan du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!