Koronabirusa

Azokak berriz irekitzeko eskatu dute 61 eragilek

Erabiltzailearen aurpegia Jon OrdoƱez Garmendia 2020ko api. 10a, 15:54

Azokak baimendu eta bultzatzearen aldeko adierazpen bat atera dute 60 eragile inguruk, ekoizleak, kontsumo elkarteak, talde ekologistak, sindikatuak eta alderdiak tartean. Eusko Jaurlaritzak aste honetan hartu duen erabakiarekiko desadostasuna agertu dute. Azokak debekatu baina saltoki handiak irekita jarraitzen dutela salatzen dute eta horrek atzean beste helburu batzuk egon ditzakeela pentsarazten diela. Zuzeneko salmenta eta saltoki txikiak lehenesteko eskatu dute eta azoken aldeko ekimenetan parte hartzera deitu dute.

Euskal Herriko hainbat eragilek adierazpen bat atera dute Eusko Jaurlaritzak aste honetan azokak debekatzeko hartu duen erabakiaren kontra eta azokak berriro irekitzeko eskatuz. Lehen sektoreko ekoizleak, kontsumitzaile elkarteak eta ingurumen taldeak daude sinatzaileen artean, alderdi eta sindikatuekin batera. 60tik gora dira oraingoz eta gehiago izateko modua zabaldu dute (ikusi sinatzaileen atala, behean). Hartu beharreko babes neurriekin azokak irekitzeko eskatzeaz gain, dei egiten diete erakundeei zuzeneko salmenta laguntzeko, eta herritarrei hori eta herriko denden bitarteko erosketak lehenesteko. Koronabirusaren ondorioz ezarritako konfinamenduagatik euren ekoizpena atera ezin utzi ditu baserritar asko, eta beste ekimen batzuk jarri behar izan dituzte abian. Hainbat herritan egin dituzte azokak neurri bereziak hartuta, adibidez Amasa-Villabonan, baina Jaurlaritzaren aste honetako erabakiak ez du horretarako aukera ematen. Baserritarrek lehenago ere agertu dute haserrea erabakiarekin eta talde ekologistek eskatu izan dute azokak irekita mantentzeko.

Gaur zabaldu den adierazpenaren sinatzaileek diote Jaurlaritzak azokak ixteko hartu duen erabili dituen argudioak "eskasak" direla. Jaurlaritzak argudiatu du pertsonen joan-etorriak murriztu egin behar direla eta jende pilaketak saihestu behar direla. "Zergatik ez dira irizpide berberak baliatzen saltoki handiak, esaterako, Jaurlaritzak baserritarren produktuen salmentarako lehenetsi dituen Eroski, Uvesco (BM), Carrefour eta Alcampo-Simpuy merkataritza guneak ixteko? Horietara joateko ez al da joan-etorririk egin behar? Barruan ez al da jende pilaketarik gertatzen? Nor ari da zaintzen saltoki horien barruan jendeak distantziak gordetzen dituen edota jendeak gutxieneko higiene-arauak betetzen dituen?", diote adierazpenean.

Azokak, zerbitzu publiko

Gogoratzen dute udal azokak zerbitzu publikoak direla eta hori balioan jarri behar dela; garraio zerbitzuarekin alderatzen dute. "Zerbitzu Publiko horren titularra udala da. Osasun Sailak neurri zehatzak har ditzake, ez ordea debeku orokor bat". Sinatzaileek salatzen dute erosleen eskubideak ari direla urratzen, eta gogoratu dute orain arte udalei azokak egiteko neurriak hartzeko eskatu zaienean, hartu dituztela. "Zertara dator orain neurri hau? Zer dago honen guztiaren atzean? Emandako arrazoiek ez dute zentzurik. Helburua beste bat ez ote den pentsarazten digu". Salatu dute, gainera, osasun krisialdia hasi zenetik erakundeak ez direla eurekin harremanetan jarri egoera bideratzeko, hala eskatu arren, eta euren ekimenak lagundu ez eta oztopatzen ari direla, gainera.

Jarraitu irakurtzen Berrian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!