Koronabirusa

Postu gutxiagorekin baina eutsi diote azokari Villabonan

Ataria 2020ko mar. 24a, 19:59

Aurreko asteko etenaldia eta gero baserritarrek euren postuak jarri dituzte gaur Berdura plazan eta salmenta egin ahal izan zuten

Astearteetan lauzpabost postu izaten dira Villabonako Berdura plazako azokan. Gaur, Anoetako Sarobe eta Errezilgo Irure txiki etxeetako baserritarrak gerturatu dira euren produktuak saltzera. Barazkiak, fruta, ogia, arrautzak, esnea, zukuak... Garaian garaikoa eta bertakoa erosteko aukera izan dute bertaratutako bezeroek.

Euskal Herrian ezarritako alarma egoeragatik aurreko asteartean ospatzekoa zen azoka bertan behera geratu zen, baina Amasa-Villabonako Udalak aste honetakoa antolatzea erabaki du, beharrezko segurtasun neurriak hartuta. «Larunbatean Tolosakoa bertan behera geratu zela ikusita, zalantza genuen gaurkoa egin ahal izango ote zen. Udalera deitu genuen eta aurrera egiteko erabakia zegoela esan zigutenez gerturatu gara», baieztatu dute baserritarrek.

Gaur eskertuta azaldu ziren euren produktuak saltzeko aukera izan dutelako eta bezeroen esker ona jaso duten bueltan, «asteroko hitzorduari ez diotelako hutsik egin». Sarobe baserriko arduradunek arbela bat jarri zuten azokan, garai honetan baserrian ekoizten dituzten produktuen zerrendarekin: zerba, espinaka, porrua, eskarola, patata, kiwia, kuia, esne gordina, esne pasteurizatua, behi eta ardi gaztak, babarruna... Eskaerak egiteko telefono zenbakia zabalik dutela jakinarazi du Sarobe baserriko arduradunak eta etxez etxeko banaketa egiteko prestutasuna azaldu du.

«Hurrengo astean izango al da?». Hori da gaur Berdura plazara gerturatutako bezeroek azaldutako zalantza. Aste honetan postua jarri duten baserritarrek, gauzak ondo bidean, jarraitzeko asmoa agertu dute. «Bakoitzak ahal duen moduan, baina egoerari eutsi egin behar zaio». Naturak ez du bere zikloa eten eta udaberriko produktuak zain dituzte baserritarrek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!