Koronabirusa

Espainiako Gobernuak eten egingo ditu funtsezkoak ez diren jarduera guztiak

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Imaz 2020ko mar. 28a, 20:04

Sanchezek iragarri du funtsezkoak ez diren lanetan aritzen diren langileak etxean geratu beharko direla martxoaren 30etik apirilaren 9ra. Ohiko soldata jasoko dute, eta lanorduak gero egingo dituzte, "mailaka".

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du funtsezkoa ez den jarduera oro etengo dutela. Ministro Kontseiluak igandean onartuko du neurri hori. "Ezohikoa da: funtsezko lanetan aritzen ez diren langile guztiak etxean geratu beharko dira datozen bi asteetan", adierazi du Sanchezek Moncloatik egindako presazko agerraldi telematikoan.

Astelehenetik aurrera egongo da indarrean "ordainpeko baimen berreskuragarria". Ordutik aurrera, langileek ohiko soldata jasoko dute, eta egin gabeko lanorduak geroago egingo dituzte, "mailaka, eta denboran banatuta". Hainbat hedabidek zabaldu dute baimen hori enpresek ordainduko dutela, eta horregatik berreskuratuko dituztela lanorduak gero.

Quim Torra Kataluniako Gobernuko presidenteak, besteak beste, eskatua zion Sanchezi neurri hori hartzeko, baina Espainiako Gobernuak gaur arte eutsi dio ekonomiaren jarduerari. Neurri "sendo eta gogor" hau Aste Santuaren atarian hartu nahi izan dute.

"Proposatu duguna da Aste Santuko jaiegunak aurreratzea, langileek baimena erabiltzeko. Orain, Aste Santuaren atarian, mugikortasuna modu zuzenagoan eten dezakegu, eta horrek arindu egingo du ospitaleen eta zainketa intentsiboetako unitateen gaineko presioa", Sanchezen esanetan.

Gobernuaren asmoa da konfinamendua gogortzea, koronabirusa gehiago hedatzea saihesteko, eta osasun sistema ez kolapsatzeko. Gobernuak esana zuen ZIUetan arazoak izango dituztela kutsatuen gailurra igaro eta gero.

Europari mezua

Konfinamendua gogortuko dutela esan aurretik, Sanchezek neurri gehiago har ditzan eskatu dio EB Europako Batasunari: "Europak erantzun ekonomiko bateratua eman behar dio pandemia honi. Eta gerra ekonomia behar du". Nabarmendu du "erresistentzia" garaia dela, eta, osasun larrialdia igarotakoan, EBk lagundu egin beharko diela krisialdian zorpetutako estatuei.

Sanchezek esan du ez dela "erne egoteari uzteko" unea, "borroka areagotzekoa" baizik. Azaldu du orain arte hartutako neurriek lagundu dutela mugikortasuna gutxiagotzen, baina asteburuetako kopuruari eutsi behar zaiola hemendik aurrera, lan jarduera guztien etenaldian.

Erlazionatuak

Obra publiko eta pribatu guztiak etenda

Tolosaldeko Ataria 2020 mar 30 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!