Festak izan dituzte aste honetan Altzon (Gipuzkoa), eta, jaiek ez ezik, aldarrikapenek ere hartu dituzte kaleak. Jaien aurreko egunetan, hainbat pankarta jarri zituzten herri osoan; bi egunetik behin kendu, eta berriak ipintzen zituzten. Hamar pankarta izan dira guztira, eta eduki argia du bakoitzak: Altzon eta inguruko herrietan emakumeek jasandako irainak. Altzoko (B)eroak talde feministaren ekinaldia izan da, eta emakumeek jasaten dituzten ahozko erasoen inguruan sentsibilizatzea izan dute helburua. Espero zuten baino oihartzun handiagoa izan du ekintza horrek.
Herrian dagoen «kontzientziazio faltatik» irten zen ideia, taldeko kideek azaldu dutenez. Festetarako eraso matxisten aurkako protokolo bat jarri dute martxan aurten lehen aldiz, eta herrian errezeloz hartu dute egitasmoa. Talde feministak adierazi duenez, jaietan ez da eraso fisikorik gertatu orain arte, eta, beraz, jendeak ez du protokoloa beharrezko ikusten. Haiek, ordea, argi dute: «Altzon beharrezkoa da protokoloa, entzuten ditugun komentarioak ere erasoak baitira». Irainak hitzez irudikatzea izan da herritarrak ohartarazteko modua, eta, besteak beste, emakumeen janzkerarekin, jarrerarekin eta hilekoarekin lotutako esaldiak jaso dituzte. 2015etik gaur egun arte entzun dituzten irainak dira, Altzon ez ezik inguruko herrietan ere; esaterako, Tolosan, Alegian (Gipuzkoa), eta Lesakan (Nafarroa).
Jarraitu irakurtzen Berrian.