Altzoko jaiak 2019

Hitzetatik hasten da erasoa

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko uztailaren 30a

Altzoko B-Eroa talde feministak festa giroko eraso matxistak salatzeko pankarta argigarriak prestatu ditu saninazioen bueltan, eskualdeko parrandetan emakumeek jasan behar izan dituzten zenbait iruzkinekin.

"Zer zare, reglakin?", "Hain arropa gutxikin urduri jartze nazu", "Muxu bat emate baiazu, utzikoizut juten", "Jazte zeate ta...", "Joe ze zakarra, hola eztezu mutilik lortuko", "Hoi errapek", "Zu zeanakin zure mutilai adarrak 10.000 aldiz jarriko zenizkion". "Susa al zare?".Horiek guztiak eta antzeko beste hainbat esaldi, festa giroko errutinaren zati dira, festa giroan dabiltzan erdientzat: emakumeentzat. Eraso matxistek ekintzetatik bezainbeste dute hitzetatik, eta Altzoko B-Eroa talde feministak horri heldu nahi izan dio, San Inazio jaiak baliatu eta beren jarduna garatzeko.

Esaldi horietako zenbait bildu, eta herria pankartaz bete zuten joan den asteburuan, parranda giroa sortuko zela aurreikusita. Horrela, Altzoko plaza inguruetan ez ezik, sare sozialetan ere zabalkundea izan du B-Eroaren egitasmoak. Aipatzekoa da, pankartetan jasotako aipu guztiak eskualdean bertan entzundakoak direla, adierazi duten moduan.

(Argazkiak: Altzoko B-Eroa talde feminista)

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!