Herriko plazan egin du hitzordua Iñaki Artolak (Alegia, Gipuzkoa, 1994). Mundu guztiak agurtu eta zoriondu du. Ez da gutxiagorako; San Fermin torneoko emaitzek ematen duten alaitasuna bueltatu diote, eta bihar jokatuko du finala, Iruñeko jaien egun handian. Altuna amezketarra izango du aurkari finalean. Sei kilometro eskas daude herri batetik bestera, eta ikusmina sortu du Alegian.
San Fermin torneoko finalerako sailkatu zara, eta Baikorekin kontratua berritu duzu bi urterako. Gustura, ezta?
Ongi, egia esan. Kontratua berritzeko garaian, baldintzekin aurrera eta atzera ibiltzen gara, baina, dudan adinarekin, eta nola nabilen ikusita, enpresak jarraitzeko aukera emango zidala espero nuen. Jokoari dagokionez, ia eskuetako minik gabe nabil, oso gustura, eta horrek aukera ematen dit jarraitzeko. Sasoiz ere nahiko ondo nabil, batzuetan gehiago kostatzen zait, gorputza ezberdin dagoelako; besteetan errazago izaten da. Ez duzu jakiten zeren arabera izaten den, baina, azkenaldian, gorputza ondo erantzuten ari da.
Dena den, zuk esana da askotan sentipenak eta emaitzak ez doazela eskutik. Nola azalduko zenuke hori?
Askotan, kanpokoen irudipena emaitzaren araberakoa izaten da. Guk emaitzari ere begiratzen diogu, baina gehiago jokoari. Ez asteburuko partidari bakarrik, astean zeharreko entrenamenduetako sentsazioei ere bai. Gorabeherak izan arren, aspalditik nabil goranzko bidean. Uste dut azkenaldian joera horri eusten ari naizela. Horregatik diot goranzko joera horri eutsi nahiko niokeela, final hau galdu edo irabazi. Helburu hori garrantzitsuagoa da.