Txapela, behintzat, eskualdera dator

Tolosaldeko Ataria 2019ko uzt. 5a, 19:57

Altuna III.ak eta Artolak San Fermin Torneoko lau eta erdiko txapelketaren finala jokatuko dute igande honetan.

San Fermin egunean, igande honetan, Iruñeko Labrit pilotalekuan elkarren aurka ariko dira Altuna III.a amezketarra eta Artola alegiarra. Jokoan, San Fermin torneoko lau eta erdiko txapela. Jaialdia 11:00etan hasiko da, eta lehenengo partidan Arteaga-Larunbe eta P. Etxeberria-Tolosa ariko dira. Finala izango da bigarren partida.

Ez da lehenengo aldia kaiolan final bat jokatzen dutela bi pilotariek. 2014ean promozio mailako finala jokatu zuten eta orduan alegiarrak 8-22 irabazi zion. Horren ondoren, lau eta erdian beste bi norgehiagoka jokatu dituzte, biak lehen mailako txapelketakoak, 2015ean eta 2017an. Bi horietan amezketarra izan da garaile.

Bizkaia Torneoa

Eskualdeko lau pilotari izango dira Bizkaia Torneoan: Altuna eta Jaka, Aspetik, eta Artola eta Urretabizkaia, Baikotik. Enpresa bakoitzetik hiruna talde osatu dira, bakoitza lau pilotarirekin, kaiolan, buruz buru eta binaka aritzeko. Talde bakoitzak Bizkaiko mendi baten izena jartzen diote. Aspeko bi taldetan izango dira eskualdeko pilotariak: Oiz izenarekin Elezkano II-Zabaleta binaka, Jaka kaiolan eta Elordi kantxa osoan ariko dira; Gorbeia taldean, Altuna III-Rezusta binaka, Retegi Bi kaiolan eta Dario buruz buru. Beste taldean, Ganekogortan, Ezkurdia-Martija, Peio Etxeberria kaiolan eta Zabala buruz buru.

Baiko enpresaren barruan, bi pilotariak talde berean daude. Sollube izenarekin, Artola-Albisu ariko dira binaka, Bakaikoa lau eta erdian, eta Urretabizkaia kantxa osoan. Beste bi taldeak hauek dira: Anboton, Olaizola II-Aretxabaleta, Laso kaiolan eta Arteaga, eta Kolitzan, Urrutikoetxea-Mariezkurrena II.a, Victor lau eta erdian, eta Agirre kantxa osoan.

Final-laurdenetako bi norgehiagokak uztailaren 21ean jokatuko dira. Aspekoa, Barakaldon, Gorbeia eta Ganekogortaren artean, eta Baikokoa, Etxebarrin, Sollube eta Kolitzaren artean. Irabazleek finalerdia jokatuko dute enpresako beste taldearen aurka. Finala abuztuaren 20an Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!