«Gure belaunaldiak eta hurrengoak ez dute atsotitzik erabiltzen»

Erabiltzailearen aurpegia Ane Ubegun Goikoetxea 2018ko aza. 1a, 20:34
Argazkia: Andoni Canellada / FOKU

Atsotitzak izan ditu hizpide Karrerak bere bigarren liburuan. Hitzak eta argazkiak uztartu ditu lanean, atsotitzak «errazago» uler daitezen, eta egunerokoan erabilgarriak direla erakusteko.

«Atsotitzek herriaren jakinduria islatzen dute». Hala dio Oskia Karrera argazkilariak (Tolosa, Gipuzkoa, 1969). Atsotitzak argazkitan izeneko liburua argitaratu berri du; haren bigarren argitalpena da, eta Tolosako Lizardi elkartean aurkeztu zuen asteartean liburua. Elkarte horren babesa jaso du lana egiteko. Aurtengo Durangoko (Bizkaia) Azokan bere txokoa izango du Karreraren lanak.

Aurreko lanean eskuak landu zenituen; oraingoan, atsotitzak izan dituzu hizpide. Zergatik?

Iruditzen zait gure hizkuntza oso polita dela, eta atsotitzen gaia belaunaldiz belaunaldi jaso izan dugu. Gai horrek herriaren jakinduria islatzen du, eta, momentu honetan, etenaldi bat ikusten dut transmisio horretan. Nire izebak eta ingurukoek asko erabiltzen dituzte, eta, gaur egun, gure belaunaldiak eta hurrengoak ez dituzte erabiltzen; atsotitzak berreskuratzeko ahalegin bat da proiektua.

Nolatan otu zitzaizun atsotitzak argazkiekin uztartzea?

Iruditzen zait idatzizko zerrenda batean zaila dela atsotitz baten erabileraz jabetzea, eta baita erabilera hori bultzatzea ere. Askoz errazagoa da zure inguruko egoera bat islatzen duen argazki bat ikusita atsotitza bera ulertzea.

Euskal Herriko ohiturak freskatzea eta berriro ere erabiltzea izan da beste helburu bat?

Gure herriaren izaera, herri gisa, berez azaltzen da atsotitzetan, eta ez naiz hori erakusten saiatu. Esan bezala, erabilgarrienak aukeratu ditut, eta hor nahi gabe ikusten da gure kulturak nolako garrantzia ematen dien gai batzuei.

Nondik hartu dituzu atsotitzak?

Entzuten ditudan eta ezagunak diren atsotitzak erabili ditut. Horretaz gain, Gotzon Garate euskal idazle eta hizkuntzalariaren datu basea erabili dut.

Aurkezpenean esan duzu zenbait atsotitz zaharkituta gelditu direla egungo bizimoduan erabiltzeko.

Aukeraketa egiteko kontuan hartu dudana izan da nik neuk zein atsotitz erabiliko nituzkeen, eta nire inguruan zein iruditzen zaizkidan erabilgarri. Santutegiak, eguraldia, eltzea eta halako tresnak eta abar asko aipatzen dira atsotitzetan, baina, egun, guk ez dugu halako harremanik gai horiekin, ez ditugu hainbeste erabiltzen. Halakoak baztertuz joan naiz. Atsotitz gehiago sartuko nituzke; batzuk kanpoan gelditu dira, baina tira.

Lehenengo lanean bezala, Tolosako jendeari eskatu diozu argazkietan ateratzeko?

Oraingo honetan, inguruko edota gertuko jendea azaltzen da argazkietan. Lehenengo lanean eskuaren hizkuntza, gizartea eta Tolosako jendearen lagin bat hartu nahi izan nuen; kasu honetan, ez dut halakorik nahi izan, eta jende egokiaren bila aritu naiz egunerokotasunaren irudi horiek sortzeko.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen berria.eus-en

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!