Euskarari freskotasuna emateko atsotitzak

Iker Larrañaga 2018ko urriaren 31

Oskia Karrera argazkilariak Atsotitzak Argazkitan liburua aurkeztu du Lizardi Kultur Elkartean.

Argazkilari tolosarrak egunerokoan erabiltzen diren atsotitzak argazkitan bildu ditu bere azken liburuan. Atsotitzak Argazkitan, irudiak eta esaerak batean biltzen dituen bilduma bat baino gehiago da. Karrerak adierazi du "herriaren izaera eta jakinduria trinkoa islatu, eta freskotasuna ematen diguten esaera zaharrak" bildu dituela. Atsotitz asko gaur egungo bizimoduan zaharkituta gelditu direla dio argazkilariak. Horregatik, hizkuntza nolabait freskatzeko eta euskara ikasten ari direnentzako liburu hori sortzea erabaki du, erabilgarriak izan daitezkeen atsotitzekin. Aldi berean, “egunerokotasuneko egoerak erakusten dituzten” argazkiak esaerekin lotu ditu. 90 atsotitz eta 100 argazki inguru jaso ditu Karrerak lan honetan.

Karrerak Tolosako Lizardi Kultur Elkartearen babesa izan du. Elkarteak adierazi du nahiz eta kulturaren inguruan ekintza askorik ez egin, tarteka horrelako proiektuei laguntza ematen dietela. Lizardiren ardatzetako bi kultura eta euskara direnez, tolosar sortzaileei babesa emateko eta laguntzeko prest daudela diote.

Abenduan, 53. Durangoko Azokako auto-ekoizleen postuan liburua eskuragai egongo dela ziurtatu du, baita bere webgunean ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!