Amezketako (Gipuzkoa) pilotalekua berritu egin dute, eta bertan xafla bat ikus daiteke Joxean Tolosaren irudiarekin, buruz buruko txapeldun izan zenekoa. «Ea aurten zurea ere jartzen dugun», esan dio Amezketako udaleko idazkariak Jokin Altunari (Amezketa, Gipuzkoa, 1996). Bertan egin du solasaldia pilotariak. Idazkariaren hitzak herrian bizi den baikortasun giroaren lagina dira.
Hasteko, beti galdera bera. Dena oso bizkor doa zure ibilbidean. Final hau uste baino goizago ez al zaizu iritsi?
Bai, niretzat bai. Banuen itxaropena noizbait buruz buruko final bat jokatzekoa, eta baita txapel bat irabaztekoa ere. Baina ez nuen uste aurten finalera iritsiko nintzenik. Zaila ikusten nuen, eta zozketan egokitu zitzaizkidan aurkariekin, are zailagoa.
Lau eta erdiko bi final jokatu dituzu, baina igandekoa buruz burukoa da. Zerbait ezberdina sumatzen al duzu?
Iaz lau eta erdiko finalera iritsi nintzenez, aurtengo txapelketa aurkeztu zenean jende guztiak esaten zidan finalean sartu behar nuela. Sentipena nuen iritsi beharra nuela, eta txapelketa zailagoa izan zen agian. Buruz burukoan lasaiago aritu naiz, galtzeko ezer gabe, gozatuz, eta astez aste dena irten zait partidetan.
Zer esaten dizute herrian? Pilota jakintsu asko dago Amezketan.
Tira, Urrutikoetxearen aurka jokatu aurretik, gauzak diren bezala esango ditut, nik sentipena nuen gutxik zutela nik aurrera egitearen itxaropena. Bazeuden bi edo hiru, nire aldeko itsuenak, «Irabaziko duk!» eta esaten zidatenak, eta nik esaten nien neronek ere zail ikusten nuela. Behin partida jokatzen hasita, baina, parez-pare geundela sentitzen nuen, nik ere min egin niezaiokeela.
Lau eta erdiko finalaren aurretik herria pankartaz josi zuten. Hasi al dira oraingoan?
Ez dakit ezer. Ni ez naiz konturatzen. Sarreren kontua gainetik kendu dut, 200 eman zizkidaten, eta pankartena... Ez dakit jarriko dituzten, ni ez naiz konturatzen zerbait prestatzen ari diren ala ez.
400 sarrera eman balizkizute salduko al zenituen?
Bai! Ezagutzen dut sarrerarik gabe gelditu den jendea. Nahastu, eta nituenak baino 60 sarrera gehiago nituela uste nuen, eta Zumaia, Orio eta herriko batzuk sarrerarik gabe gelditu dira, eta pena handia eman dit. Aurten, arazoa izan da guk sarrera horiek eskatu aurretik finalerako sarrerak salgai zeudela. Saiatu naiz gehiago lortzen, baina Aspeko sarreren arduradunak esan zidan ezinezkoa zela.
Lau eta erdiko txapelaren ospakizuna handia izan zen Amezketan. Buruz burukoa irabazten baduzu su emango diote herriari.
Ederra izan zen gau hura, asko gozatu nuen. Final honetan afaria sagardotegian ezin zela egin esan zidaten lagunek, eta pilotalekuan antolatu dute. Ziur asko, jende asko bilduko gara.
Amezketako tabernek bete ditzatela hozkailuak.
Seguru. Baten bat edateko gogo gutxirekin etorriko da Bilbotik, baina ziur jendetza izango garela.