Obaba, goitik ikusita

Erabiltzailearen aurpegia Edu Lartzanguren 2018ko urt. 28a, 13:38
Txangolariak, Santamañako baselizara igotzeko bidean, Obaba-Asteasu ezagutzeko ibilbidean. Berria.eus / GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS 

Bernardo Atxagaren jaioterrian, Asteasu Obaba Bide Herria txango plana estreinatu berri dute, fikzioa eta errealitatea elkartzen dituen tokiaren testuinguruak ere erakusteko.

Asteasu ez da Asteasu, Asteasun (Gipuzkoa), baizik eta Astiasu. Eta intxaurrak ez dira intxaurrak, baizik eta intxorrak. Gauzak are gehiago korapilatzen dira batzuetan, Asteasu Astiasu ere ez baita izaten, baizik eta Obaba.

Beharbada, argi pixka bat behar du honek. Zorionez, herriko plazan dago Gari Otamendi Muskerraren Bidearen koordinatzailea. «Idiosinkrasia propioa dago hemen, autoentzako errepide nagusiak egin zituztenean aparte geratu zelako herria», azaldu du. Jendearen zain dago Otamendi, Asteasu Obaba Bide Herria ibilaldiaren lehen txangoan gidari lanak egin behar baititu.

Gauzak argitzen hasi dira: Bernardo Atxaga Asteasun jaio zen, baina, Asteasun, ez zen Atxaga, baizik eta Joseba Irazu. Hark idatzitako Obabakoak eleberrian oinarriturik, Muskerraren Bidea atondu zuten 2005ean. Nobelan agertzen diren lekuak herrian non dauden azaltzen dute ibilaldian. «Asteasuarrok ondo identifikatzen dugu liburuko paisaia, Obaba Asteasu baita», esan du Pilar Legarra alkateak. «Ni ez naiz alkatea», zuzendu du berehala, «alkate andrea baizik». Izan ere, euskaraz alkate hitza neutroa bada ere, «geure buruak ez dira neutroak, eta hitza beti gizonezko batekin lotzen dugu», azaldu du.

Bidera itzuliz, alkate andreak nabarmendu du hiri barneko ibilbidea dela Muskerraren Bidea, eta literaturarekin lotutakoa. Horregatik zabaldu nahi izan dute hura, Obabaren testuingurua erakutsi, eta Asteasun familiarekin egiteko txangoak proposatu. Horrela sortu dituzte Asteasu-Obaba Bide Herria ibilbideak. Lehena egiteko prestatzen ari dira plazan. Aspaldi, mendi bideen elkargune garrantzitsua izen zen herria. «Mendi bide asko dauzkagu, eta erakutsi nahi ditugu», esan du Legarrak.

Abiapuntuan hogei bat pertsona elkartu dira. Beste bost laguneko talde batek etxerako bidea hartu du atzera, eguraldia ikusita. Damutuko zitzaien, beharbada, azkenean ez duelako horrenbeste euririk egin.

Lau ibilbide prestatu dituzte: lehenak Erreka Bailara du izena, eta herriko errota zaharrak erakusten ditu hiru kilometrotan, besteak beste, XIV. mendeko baten aztarnak. Mendizaleentzakoa da Usarrabiko Bira deiturikoa: hamasei kilometro ditu, eta Zelatungo lepora heltzen da. Olazarko Ibilbidea-n, sei kilometro eroso egin, eta, besteak beste, burdinola ikus daiteke.

Baina egunekoa Santamañako ibilbidea da, Santa Marina Asteasun Santamaña baita. Santuari eskainitako baselizara igotzeko asmoz, mendi bide bat hartu du taldeak. «Gu behartuta etorri gara; pijama genuen jantzita», esan du Uxune Aranburu neskatoak, «baina orain gustura gaude». Informazioa baieztatu du haren lagun Nora Balerdik. Obabakoak irakurri ote dute gaztetxoek? «Erotuta, ala?», adierazten duen keinu batekin ezetz esan du Aranburuk, berak ez duela asko irakurtzen. Balerdik, baietz, irakurtzen duela, baina ez Atxagarena. Neskatoek ez dute buruzagirik behar: eurak aurrean.

Jarraitu irakurtzen Berria-n.

Erlazionatuak

Asteasu bideen herria delako

Rebeka Calvo Gonzalez 2018 urt 25 Asteasu

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!