Asteasu bideen herria delako

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko urt. 25a, 14:12
Julen Larruskain, Gari Otamendi, Pili Legarra eta Gotzon Jauregi ibilbide berriak aurkezten.

Obabako lurraldea ezagutzeko eskaintza berria egin du Asteasuko Udalak: Muskerraren Bidea osatzera datozen lau ibilbide berri prestatu ditu Asteasu Bide Herria izenpean.

2015ean aurkeztu zuten Muskerraren Bidea. Oinarrian herriko Bernardo Atxaga idazlearen Obaba hori, literatur mundu hori, inspiratu zuten tokiak erakusketa zen, eta herrigunean kokatu zuten ibilbidea. Asteasu, ordea, herrigunea baino askoz gehiago da, eta hori ere erakutsi nahi diote herritarrei eta kanpotarrei, horregatik prestatu dituzte lau ibilbide berri. Bide berri horiekin "Aiztondo bailaran dauden paraje eta ikuspegi ikusgarriak erakutsi nahi ditugu", esan du Pili Legarra Asteasuko alkateak. Usarrabiko Bira, Erreka Bailara, Santamaña eta Olazar dira prestatu dituzten ibilbideen izenak.

Lau ibilbideek herriko zein bailarako "natura eta kultur ondarea erakusten" dituzte eta bakoitza gai baten inguruan osatu dutela esan du Gari Otamendik, Muskerraren Bidea proiektuaren koordinatzaileak. Mendizaleagoak direnei; garai bateko ofizioak ikusi nahi dituztenei; oro har, natura maite dutenei; eta historian murgildu nahi dutenei zuzendutako ibilbideak prestatu ditu Asteasuko Udalak, Tolosaldea Garatzenekin elkarlanean, eta Eusko Jaurlaritzak lagunduta.

"Autoentzako errepideek gure garraio eta gizarte eredua goitik behera aldatu aurretik, mendi bideak ziren herri batetik bestera joateko ibilbide naturalak. Errepideak haranera jaitsi arazi zituen garraio bideak. Alde horretatik Asteasu aparte geratu zela esan liteke, bereziki Espainiako estatu mailako errepide nazionalak egiterakoan", gaineratu du Otamendik. Lau ibilbide horiekin, beraz, garai bateko "bide naturalak", hau da, mendi bideak, berreskuratu nahi izan dituzte.

Ibilbideak osatzeko Bernardo Atxagaren beraren eta Zura komunikazio eta diseinu enpresaren laguntza izan dute eta ibilbideen nondik norakoen berri emateko informazio xehea jasotzen duten interpretazio-panelak jarri dituzte Asteasuko Lege Zaharren plazan eta Larraulen, izan ere, Olazar bideak Asteasu eta Larraul batzen ditu. Ibilbideetako zenbait tokitan, gainera, seinaleztapenak jarri dituzte eta ibilbideen gida bat ere atera dute, informazio zehatza jasoz. "Ibilbideen informazio zehatza bildu dugu liburuxketan, iraupena, zer ikusi ahal izango den bidean zehar, argazkiak... eta baita behin ibilbidea eginda non egin daitezkeen otorduak", azaldu du proiektuaren euskarri guztiak eta lan teknikoa egin duen Julen Larruskainek.

Bideak egiteko Mendi Federazioaren laguntza izan dutela ere esan du Larruskainek, "mendi bideak berreskuratu nahi izan ditugu eta familia guztiak naturari begira egin ditzakeen ibilbideak eskaini".

Ibilbideak osatzeko zailtasuna eta luzera hartu dituzte kontuan, "adin eta sasoi mota guztietako pertsonek egiteko moduak izan daitezen", esan du Legarrak. "Oro har, adin txikiko seme-alabak dituzten familiei bideratutako bideak dira, talde edo kuadrillan egiteko aproposak", gaineratu du. Ibilbide luzeena egiteko 4-5 ordu behar dira, baina beste hiruak goiz pasa eginez egin daitezke.

Lau ibilbideak prest daude jada, eta herritarrei gaur aurkeztuko dizkiete, 19:00etatik aurrera. Egileekin batera bidea egiteko aukera ere eskaini nahi izan dute. Larunbatean egingo dute 10:00etan. Plazan elkartu eta Santamañako bidea egingo dute. 2 ordu inguruko ibilbide erraza dela esan dute eta behin Santamañako ermitara iritsita salda banatuko dela joaten direnen artean.

Ibilbideak

  • Usarrabi Bira: Hernio mendia Zelatundik inguratzen duen ibilbide zirkularra da, guzietan luzeena, 4-5 ordutan egiteko modukoa. Guztira 16 kilometroko ibilbidea da. "Guztietan biderik mendizaleena da", esan du Gari Otamendik. 
  • Erreka Bailara: Uraren inguruan sortutako ofizioak eta eraikinak dira ibilbideko muina, errotak eta zuraren lanketa bereziki. 3.5 kilometro ditu, ordu betean egin daiteke eta ibilbide erraza da. Ofizioekin lotutako ibilbidea da honakoa. 
  • Santamaña: Asteasuren historia udalerriaren sorrera bera baino zaharragoa dela erakusten duen bidea da. Ustez Tenplarioek sortutako ermita bat da ibilbideko puntu nagusia. Ibilbide errazekoa da, 5 kilometro ditu eta 2 orduko iraupena du. Historiari lotuta dago beraz, ibilbidea. 
  • Olazar: Larraulgo herriarekin elkarlanean egindako bidea da, eta bi herriak zeharkatzen ditu. 6,5 kilometro ditu, 2 ordu t'erdian egin daiteke eta erraza da. Naturaz gozatzeko aukera paregabea eskaintzen duen ibilbidea da eta paraje ederrak ikusteko aukera ematen du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!