«Tokian tokikorik gabe, ez dago Euskal Herririk»

Erabiltzailearen aurpegia Edu Lartzanguren 2017ko aza. 19a, 16:00

Bihar Arrosa sareko 'Zebrabidea' magazin nazionala abiatuko da berriz. Ataria Irratia bertako parte da eta hor ere entzuteko aukera izango da 16:00etatik aurrera.

Maialen Kortabarria (Gasteiz, 1993) magazinak egiten zaildutako esataria da. Duela bi urte, Gasteizko Hala Bedi irratiko Kantoia arratsaldeko euskarazko magazina aurkezten hasi zen. Bihartik, Euskal Herri osorako arituko da, Zebrabidea magazina aurkezten, astelehenetik ostiralera, 16:00tik 18:00ra, Arrosa sareko irratietan, Nekane Zinkunegiren lekukoa hartuta.

Euskal Herriko 21 irrati biltzen ditu Arrosa sareak, eta haren apustu negusietako bat da Zebrabidea magazin nazionala. Zenbateraino hartzen dute parte sareko irratiek?

Euskal Herri mailako magazina egiteko apustua egin zuen Arrosa sareak bere garaian, eta, buelta asko eman baditu ere, azkeneko urteotan Arrosak berak ekoitzi du. Arrosa sareko irrati gehienek parte hartzen dute magazinean; guztiek egiten dute kolaborazioren bat. Zebrabidea-ren oinarrietako bat irratiok dira.

Zertan igartzen da tokian tokiko irratiak, irrati libreak eta irrati nazionalen federazio batek sortzen duela magazina?

Arrosak duen filosofia bera du gagazinak: jorratzen diren gaiak ez dira hedabide handietan bezala lantzen. Magazina beti saiatzen da gai guztiak ikuspegi kritiko batetik ematen, eta, askotan, beste hedabideetan agertzen ez diren gaiak jorratzen ditu, edo, behintzat, geurera ekartzen ditu.

Tokian tokiko irratietan ere emateko magazin nazional orokor bat da Zebrabidea. Ez al da kontraesana?

Tokian tokikorik gabe, ez dago Euskal Herririk, errealitate horiek osatzen baitute orokortasuna. Arrosak, hain zuzen ere, tokian tokiko gauza txiki horiek guztiak batzea lortzen du.

Nola ikusiko da hori bihartik aurrera?

Irrati guztiek ekarriko digute kronika txiki bat, euren eskualdeetan lantzen ari diren kontuekin. Horrek xarma berezia ematen dio saioari. Baina elkarrizketak egiteko orduan, eta kolaboratzaileak lortzerakoan, saiatu egiten gara lurraldetasuna aintzat hartzen, eta, noski, Iparraldeko eta Hegoaldeko kontuak ekarriko ditugu.

 

Jarraitu irakurtzen hemen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!