'Handia' filma

Dagoeneko 30.000 lagun inguruk ikusi dute 'Handia'

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Sarasola 2017ko urr. 24a, 08:28

Donostiako Zinemaldian eta beste aurrestreinaldietan izaniko ikusleez gain, beste 25.000 lagun bildu ditu filmak aretoetan lehen asteburuan. Tolosan, 3.000 ikusle inguru izan ditu sei saiotan.

Donostiako 65. Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu zuten Handia Aitor Arregi eta Jon Garaño zinemagileek, arrakastaz estreinatu ere: Epaimahaiaren Sari Berezia eta Irizar saria irabazi zituen euskarazko filmak. BFI Londresko zinema jaialdian ere harrera beroa izan zuen. Baina aretoetara iristean izaten dute pelikulek hurrengo azterketa, eta, datuen arabera, hori ere aise gainditu du Handia-k. Iragan ostiralean heldu zen filma Hego Euskal Herriko, Espainiako, Herrialde Katalanetako eta Galiziako zinema aretoetara, 92 kopia orotara, eta 25.000 ikusle inguru bildu zituen lehen asteburuan. Haiei Donostiako Zinemaldian eta Gasteizen zein Bilbon egindako aurrestreinaldietan izan ziren 5.000 lagunak batuta, guztira 30.000 lagunek ikusi dute dagoeneko Altzoko erraldoiari buruzko lana.

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetara ez ezik, Bizkaian Getxo, Barakaldo, Leioa, Durango, Portugalete, Gernika-Lumo, Elorrio, Lekeitio, Bermeo, Galdakao eta Zornotzako aretoetara iritsi zen ostiralean, eta Gipuzkoan, berriz, Usurbil, Irun, Errenteria, Arrasate, Tolosa, Ordizia, Lazkao, Zarautz, Legazpi, Oñati, Beasain, Eibar, Andoain, Zumarraga eta Azpeitikoetara. Haiei Espainia, Galizia eta Herrialde Katalanetako beste hamaika udalerri gehitu behar zaizkie: jatorrizko bertsioan ikusi ahal izan dute hainbatetan, eta bikoiztuta beste zenbaitetan.

Oraindik datuak biltzen ari direla eta aipatutakoak behin-behinekoak direla azaldu dio BERRIAri Xabier Berzosa ekoizleak. Baina adierazi du filmak izandako harrerarekin oso pozik daudela, oro har. «Euskal Herrian ikaragarria izan da; liluratuta gaude. Toki gehienetan, aretoak bete egin dira emanaldi nagusietan —larunbat arratsalde eta gauekoetan, nahiz igande arratsaldekoetan—». Aipamen berezia egin dio Tolosako kasuari: asteburuan, 2.000 lagunetik gora bildu ziren filma ikustera. Baina azaldu du oso ona izan dela beste hainbat lekutan izan duen harrera ere. «Izatez, herri askotan bigarren astez mantenduko dute, eta hori nahiko ezohikoa da, astero aldatu ohi baitute programazioa. Baina jende asko kalean geratu zenez, beste emanaldi batzuk egingo dituzte astegunetan, edo, bestela, berriro programatuko dute datorren asteburuan». Zarautzen, Oñatin eta beste hainbat lekutan gertatu da hori. Hala, datu orokorrei erreparatuta, sortzaileek uste dute filmak «Euskal Herrian oraindik bide luzea» duela egiteko.

Jarraitu irakurtzen hemen.

Entzun Mikel Ozaitaren 'Handia' filmari buruzko iritzia Ataria irratian: "Txikiak ere handi".

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!