"Sekretu ofizialen legea da gure traba"

Erabiltzailearen aurpegia J.O. Urain 2017ko ira. 25a, 12:56

37 urte dira Jose Miguel Etxeberria Naparra anaiaren berri ez duela, baina haren bila jarraitzen du Eneko Etxeberriak. Hura topatzean hasiko dira «atseden» hartzen.

Egia jakiteko «traba nagusia» Sekretu Ofizialen 1968ko Legea da, Eneko Etxeberriaren (Iruñea, 1958) ustez: «Arrazoiak izango ditu Espainiako Estatuak sailkatuta dauzkan dokumentu guztiak erakutsi nahi ez izateko». 1980an desagertu zen Jose Miguel Etxeberria Naparra, Enekoren anaia; bere azken berri Ziburun (Lapurdi) izan zuten. Orduan gidatzen ari zen autoko bolantearekin ageri dira Eneko eta Celes Alvarez ama Zabaltzaren liburuan. Pista bati jarraituz, apirilean aritu ziren Naparraren bila. Ez zuten topatu.

Zein sentipen izan zenuten Naparra bilatzeko zonan zeundetenean?

Itxaropenez gindoazen, nahiz eta jakin posible zela ez agertzea ere. Kolpe latza izan zen, baina horretan gabiltza. Aurrera jarraitu beharra dago.

Aurkitu ez zenuten arren, auzia oraindik zabalik dago. 

Bai. Orain saiatzen ari gara anaiaren arrastoen berri eman zuen pertsona topatzen, eta hori eskatu dugu Auzitegi Nazionalean.

Zuen kasuan, justizia ezari ezjakintasuna gehitu behar zaio.

Hildako baten gorpuaz ari gara, eta oraindik ezin izan dugu atal hori ere itxi. Gorpua geureganatu nahi dugu; Josemi gurekin egotea eta atseden duin bat izatea.

Liburuko argazkian, ama eta zu zeu ageri zarete, bolantea eskuetan. Nola izan zen unea?

Genevatik itzultzean, Joseba gurekin harremanetan jarri zen. Argazki hori egitea proposatu zigun autoa agertu zen tokian. Aita zenak bolantea eraman zuen, eta hara joan ginen 2015eko maiatzean. Paperetan begiratu genuen zehazki non desagertu zen.

Lehen aldia zen anaia desagertu zen lekura zindoaztela?

Gurasoentzat ez, desagertu zenean ere joan baitziren. Niretzat, ordea, bai.

On egin zizuen?

Amaren aurpegiak dena esaten du. Guk ez dugu esan izan «non dago», baizik eta «non duzue». Itzuli behar digute Josemi. Orduan hasiko gara atseden hartzen. Hurrengo pausoa izango da jakitea nork eta zergatik desagerrarazi zuen.

Erlazionatuak

Isilarazitako begiradei, argia

Erabiltzailearen aurpegia Jon O. Urain 2017 ira 25 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!