Isilarazitako begiradei, argia

Erabiltzailearen aurpegia Jon O. Urain 2017ko ira. 25a, 12:30

Estatu indarkeriaren 105 biktimaren senideak erretratatu ditu Joseba Zabaltzak, beren ahaideak hil zituzten lekuetan. «Ikusgarri» egin nahi ditu Euskal Memoriak.

Donostiako Errekalde auzoa zeharkatzen duen errepidean, hiru emakume; Itziar, Nekane eta Miren. Keinu serioa hirurek, aurrera begira. Esanahi handiko lekua da eurentzat; bide horretan hil zuten Mikel Salegi Urbieta anaia, 1974ko abenduaren 18an, Guardia Zibilaren kontrol batean.

Estatuaren indarkeriaren ondorioz hildako biktima baten senideen irudia da, baina ez bakarra; halako 105 bildu ditu Joseba Zabaltza argazkilariak, Euskal Memoria fundazioak argitaratutako Gogoan hartzeko izenak liburuan. Biktima horiei ikusgarritasuna emateko, 105 lagun horiek hil edo desagerrarazi zituzten lekuetara eraman ditu senideak; kasuaren azalpenarekin batera, senideen argazkiak dira ardatz. Kopuru horrek badu azalpena, fundazioak azaldu duenez: «Batetik, ikusarazi nahi dugu ez zirela izan gertakari bakanak, asko izan zirela gehiegikeriak; bestetik, ezinezkoa da biktima guztiak liburu bakarrean jasotzea, ez litzatekeelako maneiagarria».

Liburua atzo aurkeztu zuten, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean, estatuaren indarkeriaren eraginez hildako ugariren senideak bertan zirela. Horien izenean aritu ziren hizlari Eneko Etxeberria, Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren anaia, eta Itziar Salegi. Horiekin batera izan ziren Iñaki Egaña historialari eta fundazioko lehendakaria eta Zabaltza bera.

Argitalpenari buruzko xehetasun batzuk eman zituen Egañak; esaterako, zergatik aukeratu dituzten estatuaren indarkeriaren biktimak eta ez, esaterako, ETArenak. Egañaren hitzetan, «diskriminazio positiboa» egin nahi izan dute, «ikusgarritasuna» emateko «bigarren edo hirugarren mailakotzat jotzen diren biktimei». Horrela, espero du «noizbait» kokatzea biktima guztiak «maila berean». Gainera, aurten «aurreratu» egin dute lan monografikoaren argitalpena, Durangoko Azokara itxaron gabe, argudiatuta fundazioaren helburua «dibulgazioa» dela, eta ez salmenta.

Aitzitik, ezaugarri askotariko biktimak jaso dituzte; torturen ondorioz hildakoenak, desagerrarazitakoenak, Batallon Vasco Españolek eta beste talde armatu batzuek tirokatutakoenak edo Ertzaintzak pilotakadaz hildakoenak. Baita hamarkada ezberdinetakoak ere; 1936ko gerraostekoak dira batzuk, baina badira XXI. mendean gertatutakoak ere; Iñigo Cabacasen hilketa edo Jon Anzaren desagerpena, esaterako. Orotara, bost urteko lanaren emaitza da.

Jarraitu irakurtzen hemen.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!