«Izan liteke hainbeste partida jokatuta abuztu bukaerara justu iristea»

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Intxausti Aranguren 2017ko abu. 10a, 11:19
berria.eus

Gasteizko torneoa irabazi zuen herenegun gauean, eta Donostiako feriako protagonista handietakoa izango da. Irribarriaren alboan jokatuko du desafio berezia. Pozik dago udan emandako mailarekin.

Udan ondo aritzen den pilotari horietakoa da Jokin Altuna (Amezketa, Gipuzkoa, 1996). Uda hasieran pisu asko galdu zuen urdaileko arazo baten ondorioz, baina guztiz osatu da. Horren adibide Gasteizko torneoa bigarren aldiz irabazi izana. Herenegun jokatu zuen finala, Merino II.arekin, Urrutikoetxea eta Albisuren aurka (22-21).Donostiako torneoaren aurkezpenean egin dio kasu BERRIAri.

Bigarren aldiz jarraian irabazi duzu Gasteizko torneoa. Aurten, gainera, jokalari onenaren saria eman dizute.

Bai, finala partida oso zaila izan zen. Haiek menderatu zuten. Emaitza alde dagoenean, errematatzea errazagoa da, baina zaila da horrelako partidak irabaztea. Oso gustura nago herenegun gaueko garaipenarekin.

Donostiako torneoa ere irabazi zenuen iaz. Aurten ere irabazteko esperantza daukazu?

Aukera dagoen bitartean, saiatuko gara irabazten. Baina argi eduki behar da 28an ere oso partida gogorra daukagula, eta ez da erraza izango hura jokatu ostean hain ondo aritzea. Izan liteke hainbeste partida jokatuta abuztu bukaerara justuago iristea.

28ko lau aurrelariren arteko partida hori berezia izango da.

Bai, partida gogorra, oso. Ikerrek [Irribarriak] sekulako baldintzak dauzka; baina Mikelek [Urrutikoetxeak] erakutsi du jada oso ondo aritzen dela atzean. Gainera, Bengoetxeak jokatuko du aurrean. Ez da erraza izango. Hori bai, oso gustura jokatuko dut Ikerren alboan; azkenaldian elkarren kontra aritu gara, eta polita da berriz elkarrekin aritzea.

Ez da Irribarriak eta zuk profesionaletan elkarrekin jokatzen duzuen lehenengo aldia.

Iaz jokatu genuen partida bat. 22-15 galdu genuen [Retegi Bi eta Barriolaren aurka].

Uda honetan, partida asko ari zara jokatzen. Pozik egoteko modukoa da hori, baina ardura handia ere bai, ezta?

Bai, dudarik gabe. Gustura ari naiz, baina partida asko dira. Herrietara joatean, jendeak ez du izaten zuk jokatutako partida kargaren berri, eta bete-betean jokatzen ikusi nahi zaituzte beti. Itxura ona eman ezean, jendea ez da gustura geratzen, eta geu ere ez gara lasai joaten lotara. Baina nahiago nuke urte askoan ardura hau izaten jarraitu.

Zuk neguko mailari eusten diozu udan; hori ez da erraza.

Bai, garrantzitsua da niretzat. Erregulartasunari eusten saiatu behar du pilotariak. Ez da erraza udan hainbeste partida jokatu eta beti ondo egotea. Nekagarria da. Baina gure onena eman behar dugu beti.

Uste duzu pilotari trebeek hobeto jokatzen duzuela txapelketaren presiorik gabe?

Bai, izan daiteke udaran hobeto jokatzea presio hori falta delako. Gehiago ausartzen zara. Baina ni urte guztian saiatzen naiz nire jokoa erakusten.

 

Jarraitu irakurtzen Berria egunkarian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!