Pilotari handi bat izateko markagailuari buelta ematen jakin behar dela esaten zuen Jokin Altunak, momentu zailetan erantzuten jakin behar dela. Atzo gauean Gasteizen, beste behin ere, pilotari handi bat dela erakutsi zuen amezketarrak.
Ez ziren ondo hasi txapeldunak. Merino II.a ez zebilen eroso atzean, eta finala handi geratuko zitzaiola zirudien. 8-4 Urrutikoetxea-Albisu aurretik. Altuna III.aren lehen susperraldia etorri zen orduan. Lehen abisua: ez dugu etsiko.
Hamarnako berdinketak arnasa eman zien bikote urdinari, eta ikusleei, oraindik finala geratzen zela esan zien amezketarrak eta errioxarrak. Hortik aurrera, ordea, Urrutikoetxea eta Albisu sendo azaldu ziren, eta partida ikusgarritasun handirik gabe, serio, 18-11 jarri zuten.
Altuna III.a galtzen ikustea maite ez duenak agian telebista itzaliko zuen; a ze galera! Bigarren susperraldia eta bigarren abisua orduan etorri ziren: azken tantora arte finala egongo da! Artista handien pare, Merino II.aren laguntzarekin, Jokin Altunak bikote gorria estu hartu zuen, aurrelari erabakigarrienetakoa dela erakutsiz. Artista ez diote alferrik deitzen amezketarrari, arte bidez partida berdintzea lortu baitzuen. Ez hori bakarrik, markagailua 18-19 euren alde!
Baina oraindik zailena geratzen zen, 22ra iristea, eta hori oso gertu izan zuten Urrutikoetxea-Albisuk. Pentsa, 21-19 jarri ziren. Txapela tanto bakarrera ikustea, ordea, ez da nahikoa izaten. Gutxiago Altuna III.a daukazunean parean. Amezketarraren eta errioxarraren hirugarren susperraldia etorri zen orduan. 21na jarri ondoren, argi zegoen zer gertatuko zen: bale edo kale. Altuna III.ari ez zaio gustatzen trantze horretan ardura beste inoren esku uztea. Hori ere behin baino gehiagotan esan izan du: zabalera dejada eta... Udako lehen txapela!
DATUAK
Altuna III-Merino II: 21
Urrutikoetxea-Albisu: 22
Iraupena: 90 minutu
Jokoaren iraupena: 33 minutu
Pilotakadak: 691
Markagailua: 0-1/1/2-1/2/2-3/3/7-3/7-4/8-4/8/10-8/10-10/10/15-10/15-11/18-11/18/18-19/19/21-19/21/21-22/
Urrutikoetxea: 15 egindako, 4 galdutako
Albisu: 2 egindako, 6 galdutako
Altuna III: 9 egindako, galdutako bakarra
Merino II: 3 egindako, 3 galdutako