Euskaraldiak horrelako agerraldi ugari ekarri dizkigu egunotan. Xabier Usabiagak honako hitzekin hasi zuen azaroaren 18ko albistegia: «Euskara indartu, normalizatu eta hedatuko baldin bada, hamabost eguneko esfortzua baino asko ere handiago beharko du, baina itxaropena da hamabost eguneko ekimen hau horren guztiaren abiapuntu izatea». Iruditzen zait ezin hobeto laburbiltzen duela Euskaraldiaren egitekoa. «Egunotan, segur aski, euskararen errealitatea benetan dena baino goxoagoa izango da», jarraitu zuen aurkezleak. Ez zaik arrazoirik falta, Xabier. Esango nuke eztei-bidaiaren antzekoak izan direla egun hauek, eta orain, tamalez, betiko egunerokotasunak déjà vu-ra itzularaziko gaituela.
Gaur Egun albistegiak hamalau minututik gora eskaini zizkion Euskaraldiari azaroaren 18an, saioak berrogei minutu inguru irauten duela aintzat hartuta. Aitzitik, gaztelaniaz elkarrizketatutako ehunka erantzun entzuten jarraituko dugu. Edota, pilotari eta botilero euskaldunak Murtziakoak bezala hitz egiten. Zer dela eta jartzen diote mikrofonoa gaztelaniaz ari den botileroari? Etxe berean, euskararen alde daudela dioten bitartean, gaztelania ari da normalizatzen.
«Esango nuke eztei-bidaiaren antzekoak izan direla egun hauek, eta orain, tamalez, betiko egunerokotasunak 'déjà vu'-ra itzularaziko gaituela»
Orain aste batzuk, Gaztealdiaren inguruko hitzaldi batean izan nintzen, eta bertan hizkuntza gatazka azaleratzearen garrantziaz jardun zuen hizlariak. Bestalde, hausnarketa sakona eta burutsua egin zuen euskalwashing-az; hau da, euren burua zuritzeko eta promozionatzeko Euskaraldia (edo Korrika) erabiltzeaz. Izan ere, mila ekimen eta ideien alde gaude, baina askotan alde gauden bitartean egonean gaude, geldi. Eta hori edo aurka egotearen aldean, ez dago alde handirik. Xabier Usabiagaren hitzei gehituko nieke norbanakoaren ahaleginaz gain, borondate eta botere politikoa, mediatikoa eta herri boterea behar direla egoera iraultzeko. Askotan, gehiegitan datorkit burura Bi Balaren abestiak dioena: «Zu gabe ezin inora joan, zurekin ezin ibili». Edo alderantziz litzateke aproposagoa? Zurekin ezin inora joan, zu gabe ezin ibili.
Aristotelesek esan omen zuen norberak ez dakiela zer dakien harik eta beste bati irakatsi diezaiokeen arte. Ni ez naiz Aristoteles, akaso, Aritztoteles, baina euskaraz hitz totelez egiten duenak ere izan behar du eta luke iraultzaldiaren partaide. Izan bedi déjà vu-aren galbide.