Azken urteotan gertaturiko psychomorfosia islatzen du eritasunak; hezkuntzan, osasungintzan edota politikan isilean sartu baita, pozoia odolean nahasten den gisa berean. Adibide bat ipintzearren, IAk Eskola Ibiltaria antolatu zuen Anoeta eta Villabonan. Benetako atsekabea sentitu nuen gazte ugari gaztelania jatorrean jo eta su aditzean. Ez dakit abertzale izan nahi duten ikasleak ala ikasle izan nahi duten abertzaleak ziren. Dena den, eta gazteei ardurarik kendu gabe, ez dago zalantzarik hezkuntza sistemaren gabezien adierazle dela gertaturikoa.
Nahasmenak, ordea, beste maila batera garamatza Hezkuntzaz mintzatzen hasiz gero. Urte hasieran eduki genuen Hezkuntza Legerako akordioaren berri. Tamalez, horixe izan zen albistea: adostasuna lortu zutela alderdiek. Batasun irudiak eta adierazpen baikorrez josi zituzten lerro-buruak agintariek. Orain, aitzitik, benetako mamiaz hitz egiteko tenorea iritsirik, prodomoan gaudela dirudi, hots, krisi psikotikoa gertatu aurretiko fasean. Izan ere, zirriborroak ez ditu asebete ez sare publikoa, ez itunpekoa. Ezta sindikatu eta euskalgintzako eragileak ere. Horrek Jaurlaritzari eldarnioak eragin liezazkioke, belarri batetik eskola publikoa bazterrean uzten duela entzun behar duelako, eta, bestetik, Euskal Herriaren eta euskal curriculumaren aipamenik egin ez izana leporatu diotelako. Buruak eztanda egiteko osagaiak, Jokin!
Aurrekoarekin nahikoa ez eta euskizofreniak gogor astindu ditu hizkuntza eskubideak. Hil hasieran Euskara Denontzat erakunderen prentsaurrekoa izan zen Bilbon. Izena irakurrita pentsa zenezake: beste bat? Zertarako gehiago, ez al daude nahikoa dagoeneko? Tira, izenak iradoki lezake euskara sustatzeko taldea dela, baina, ezta hurrik eman ere! Administrazio publikoan sartzeko gehiegizko eskakizuna dagoela argudiatuta, oztopoak eragiten dituela diote bozeramaleek. Fabian Laespadaren hitzetan, erabilera datuen arabera arrazionalizatu beharko litzateke eskakizuna; hau da, hesiak ipini beharrean, zubiak eraiki. Hitz bitan esanda, euskara denontzat, bai; baina administrazio publikoan, ahal bada, ez. Administrazioak indargune bilakatu ordez, aurkako noranzkoa hartzea da proposamena. Neuroleptiko eta bentzodiazepina koktelak bakarrik arindu lezake agerraldi-psikotikoa.
«Euskizofreniak gogor astindu ditu hizkuntza eskubideak»
Baina, inolako zalantza ezbairik gabe, abiadura handiko trena da euskizofreniaren ideiarik megalomanoetan megalomanoena, handitasun-haluzinaziorik gorenena. Lanak 2006an hasi ziren, eta Espainiako Gobernuaren aurreikuspenek diotenez, piztitzarra ez da 2028a baino lehen amaituko. 4.200 milioi euroko aurrekontuarekin abiatu bazen ere, Europako Kontu Auzitegiak 2020an helarazi zuen 6.500 milioiko gastua lukeela. Harrapazank, hi! Tartean, gainera, Nafarroarekin bat egiteko lotura zehazteke dago oraindik. Madrilek Gasteiz proposatu arren, Nafarroako Gobernuak eta Jaurlaritzak Ezkio-Itsason elkartzea hobetsi dute. berehalakoan askatuko gaituen zantzurik. Noiz eta nola iritsi garen honaino galdetzea alferrikakoa dirudi. Erremedio magikorik ezean, diagnostikoa xehatzen jarraituko beharko dugu.