Soziolinguistika arlora ere iritsi da markagintza, izan ere, Euskal Herriko Unibertsitateko NIK ikerketa zentroak Euskararen marka azterlana aurkeztu zuen ekain hasieran, euskararen inguruko iruditeria, asoziazioak eta sentipenak marraztea xedetzat hartuta. Ikerlanaren ondorio nagusia da euskarak atxikimendu handia eta, oro har, sentimendu positiboekin lotzen dela, baina horrek ez diola erabilerari behar adinako bultzadarik ematen. Estitxu Garai ikerlariaren hitzetan, izaera mitiko eta bitxiarekin lotzen da maiz, baina, aldi berean, zaila dela pentsatzen da, eta eguneroko funtzionaltasunetik urrun omen dago. Garairen hitzak irakurrita, umetako elizarako arropa etorri zait gogora: panazko galtza marroiak eta alkandora beixa; noizean behin berrogei minutuko sermoitxoa aditzeko, tira, nahikoak; baina, egunero gordeketan edo frontoian izerdiz blaituta amaitzeko ez zen izaten aukerarik aproposena.
Azkenaldian, sarri kateatu dira euskara eta osasungintza, mediku ona ala euskaldunaren eztabaida antzua, edota errealitate soziolinguistikoaren aitzakia kamutsak. Azken ildo horri helduta, gogoan eduki behar da, Galtzaundi euskara taldearen datuei erreparatuta, Tolosaldean euskara ulertzen dugunak %84 garela, eta kaleko erabilera %56koa dela. Berriki, Atarian argitaraturiko albisteak honakoa zihoen: «Asuncioneko 13 medikuk dute euskara-gaitasuna egiaztatuta». 79tik 13k, hau da, %16,5ek. Uemaren azterketak bistaratu du Tolosaldeko ospitaleko langileen %53k duela legokiekeen hizkuntza-eskakizuna. Legokiekeen, bai, Asuncioneko lan-postuetan ez baitago zehaztuta langile bakoitzaren hizkuntza-eskakizuna. Osakilldetzako mila esker, Gotzone sendagileekin alderatuz gero, Arabako ospitaleak du egiaztatze-maila baxuena, %33, eta, hala ere, Asuncionekoaren bikoitza da.
Gaizki-ulertuak ekidite aldera, garbi utzi nahiko nuke artikuluaren asmoa ez dela Asuncion Klinikako langileak kritikatzea, baizik eta, datuak oinarri hartuta, egungo egoeraren argazkia eskaintzea, zeren eta jakina da badela erietxean euskararen normalizazioaren alde diharduen lantaldea, zeinak euskarazko arta eskaintzeko eskubidea aldarrikatzen duen.
«Tamalez, arnasgune izendaturiko eskualdean ospitale erdalduna dugu, eta hizkuntza-eskubideak anestesia gelan lokartuta. Beste behin, ospitale publikoaz gain euskararentzat erreanimazio gela bat eskatu beharrean gaude»
Ahaleginak ahalegin, txanponaren beste aldean erabakiak hartzen dituztenak daude. Zuk euskaraz, nik zergatik bai? leloak defini lezake haien jarrera. Tamalez, arnasgune izendaturiko eskualdean ospitale erdalduna dugu, eta hizkuntza-eskubideak anestesia gelan lokartuta. Beste behin, ospitale publikoaz gain, euskararentzat erreanimazio gela bat eskatu beharrean gaude.