Imajina dezagun jada gradua eta masterra amaitu ditugula, eta gure 300 ECTS kredituak eskuan masterreko graduaziotik atera berri garela. Dena poza eta alaitasuna… gure tesiko zuzendari izango denarekin hitz egitera joan arte: proiektua ikaragarri berritzaile, zirraragarri... modura salduko digute, baina, itxaron, zein da zure graduko nota? Tamalez, Espainiako laborategi askotan ez dago diru nahikorik doktoregai berriei ordaintzeko, eta tesia egin ahal izateko diru laguntzak lortzera behartuta gaude. Eta horretarako graduko nota garrantzitsua da, gero eta altuagoa, hobe (nahiz eta badakigun ez dela pertsona baten gaitasunaren neurririk onena, unibertsitate pribatu eta publikoen artean aldea dagoela…).
Lehen oztopoa pasata, tesiko lehen egunean laborategira ilusioz beteta iritsiko gara: zientzialari izateko bokazioa dugu, gizartea hobetuko dugu… Baina, lehen hilabeteetan laborategiko teknikak eta proiektuaren ertzak barneratzen goazen neurrian, arazoak hasiko dira (seguruenik). Bat-batean, informazio berri gehiegi daukagu, esperimentuek ez dute funtzionatzen ulertzen ez ditugun arrazoiengatik, beharbada gure zuzendaria emaitzak eskatzen hasiko zaigu eta guk ezin eman… Akabo bokazioa? Ez diot doktoregai guztiak desanimoaren haran ilun horretan murgilduko garenik, baina gehienak bai (ni barne). Baina, gure lasaitasunerako, normala da. Edo hori dio zientziak. Prozesu honi Dunning-Kruger efektua edo gaitasunaren ilusioa deritzo; hau da, zerbaiten inguruan gutxi dakigunok hasieran gure gaitasunak gainestimatzen ditugula («minbizia sendatuko dut»). Gero, gaiaren benetako zailtasuna ikustean «ez dut inoiz ezer ulertuko» horretan hondoratzen gara, eta azkenean, esperientziak gaiaren konplexutasuna bere neurrian onartzen erakutsiko digu. Nire esperientziak dio, lan askoren ondoren puntu horretara iristea posible da, eta orduan gauzak zertxobait errazten dira. Ordura arte, gustuko lekuan aldaparik ez.
«Ez diot doktoregai guztiak desanimoaren haran ilun horretan murgilduko garenik, baina gehienak bai»
Hala moduz, bagoaz tesiaren amaierara iristen. Azkenean, edozein zientzialariren helburua gure lanak aldizkari zientifikoetan argitaratzea da. Normalean, hori izaten da lanaren emaitza, baina batzuetan, lau-bost urteko lanaren emaitzak argitaratu gabe gelditu daitezke: proiektuak ez duelako funtzionatu, ez zelako ideia ona, beste norbaitek gure lanaren antzekoa gure aurretik argitaratu duelako… Ez dago frustraziorako prest egotea besterik. Baina, umea (artikulua) jaiotzen deneko pozak ez du parekorik (ondo egindako lanaren emaitza bada).
Hau da nire ikasleei lehen hilabetean tesia ez uzteko emango diedan speech-a, gutxi gorabehera. Agian funtzionatuko du, eta urte batzuk barru beraiek izango dira hurrengo zientzialari belaunaldien kemena indartuko dutenak…