SAPERE AUDE

Hobetu zure garuna! (Hala dio merkatuak)

Erabiltzailearen aurpegia Ane Amundarain 2026ko apirilaren 27a

Inork ez du maite edan ondorengo ajea, baina adinean gora goazela okerrera besterik ez du egiten… Hemen dituzue kuadrillako ajearen aurkako gomendioak: hasi ura edaten etxeratu baino ordu pare bat lehenago, paseo luze bat eman etxera bidean, zerbait jan, beharbada parazetamol bat hartu… Eta agian, hurrengo goizean fresko xamar esnatuko zara. Agian ez. Baina, alkoholik kontsumitu gabe puntilloa eragiten duten edariak badaudela esango banizue?

Hasteko, neurozientzia pixka bat. Oinarrian, garunaren jarduera neuronen artean seinaleak transmititzen dituzten neurotransmisore izeneko molekulei esker gertatzen da. Eta gure garunak piztu edo itzaltzeko bi neurotransmisore nagusi ditu: glutamatoa eta GABA. Glutamatoak garuna pizten duen bitartean, GABAk itzali egiten du, horregatik GABA lasaitasun eta erlaxazio-egoerekin erlazionatzen da. Ez da harritzekoa, alkoholak garunean GABA hartzaileak aktibatzen ditu, hortik kuadrillarekin ostiral arratsaldean garagardoa hartzean asteko estresa gutxitzen hastea (agian konpainiak ere laguntzen du). Honela, garuna hackeatu eta antsietatea gutxitzeko asmoz, azken urteetan GABA daramaten janari, edari, pilula, eta abarren merkatua ikaragarri hazi da. Baina GABA ez da Silicon Valleyko guru teknologikoek modan jarritako farmako nootropikoen adibide bate besterik…

Farmako nootropikoak, droga adimentsu gisa ere ezagunak, toxikoak izan gabe garunaren gaitasun kognitiboak hobetzen dituzten konposatu natural zein sintetikoak dira; taurina, ashwagandha edo hiperaktibitatea tratatzeko Adderall esaterako. Fededunen arabera, memoria, arreta edo ikasteko gaitasuna hobetzen dute, edo GABAren kasuan, antsietatea eta estresa murrizteko balio omen dute. Eta «hobetu zure garuna esfortzurik gabe» mezua oso erakargarria denez, badira sarean nootropikoak gomendatzen eta saltzen dituzten blog, foro, influencer, eta abarrak, noski. Hala ere, nootropikoen kontsumoaren inguruan oraindik zalantza ugari dago (zer, zenbat, nola, nork, albo-kalterik ba ote duten…), beraz, agian momentuz hobe sudokuekin jarraitzea garuna entrenatzeko.

«Edari funtzionalek mozkortu gabe lasaitasuna eta desinhibizioa lortzea dute helburu»

Interesatzen zaigunera itzuliz, GABA duten alkoholik gabeko edarien (edari funtzionalak deituak, adimentsuak deitzea agian gehiegi litzateke) helburua, trago bat edo bik ematen duten lasaitasun, desinhibizio-egoera lortzea da, mozkortu gabe, eta biharamunean ajerik izan gabe. Helburua argia da: funtzional izaten jarraitzea. Baina… sorpresa: garestiak dira. Eta efektua ere nola-halakoa omen da pertsonaren arabera, norberaren genetika eta egoeraren arabera batzuei gehiago eta besteei gutxiago eragiten baitie…

Ez nago ziur farmako nootropikoen agerpena itxaropenetik edo Orwellen 1984ko somatik gertuago dagoen, baina horretan datza etorkizuna, lagunok. Produktibitatearen aroan, edozein bidezidor ona omen da gure gorputz eta garunari ahalik eta etekin gehiena ateratzeko. Zuek atera kontuak…

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!