SAPERE AUDE

Pozoia edo sendagaia?

Erabiltzailearen aurpegia Ane Amundarain 2026ko urtarrilaren 18a

Duela gutxi, umeen garuneko minbizia sendatzeko tratamenduen bila dabilen ikertzaile bati entzun nion beren ikerketek ez dutela enpresa farmazeutikoen aldetik interes handirik pizten. «Ez omen dute merkaturik —ume gaixo gutxi dagoelako—», zioen. Eta non dago, orduan, merkatua?

Novo Nordisk Danimarkako enpresa farmazeutikoari galdetuz gero, erantzuna argia da: pisua galtzeko sendagaietan. Ozempic eta antzeko farmakoei esker, Novo Nordisk urrezko enpresa bihurtu da azken urteotan. Ez al duzue Ozempicen berri?

Ozempic 2017an merkaturatu zen, 2 motako diabetesa duten pazienteei laguntzeko. Baina, «albo-ondorio» gisa, paziente askok pisua galtzen zutela ikusi zuten, eta, ustekabean, argaltzeko lehen sendagai benetan eraginkorra aurkitu zuten. Industria farmazeutikoaren El Doradoa, zalantzarik gabe.

Sendagai honen oinarrian semaglutida dago, gure hesteetan sortzen den GLP-1 hormonaren funtzioa imitatzen duen substantzia. GLP-1 asetasunaren hormona da: nahikoa jan dugunean, hesteetako zelulek ekoizten dute, eta organismoari beteta gaudela adierazten dio. Horrez gain, intsulinaren ekoizpena aktibatzen du, eta glukosa-maila erregulatzen laguntzen du. Gainera, garunera seinaleak bidaltzen ditu, gosea nabarmen murrizteko.

Beraz, Ozempic hartzean, efektu bera lortzen da: garunak goserik ez dagoela interpretatzen du, janari-kontsumoa asko gutxitzen da, eta pisua galtzen da. Hainbesteraino non, badirudien Gabonen bueltan nahi adina jateko sendagaia hartzeari uzten dionik ere badela, urtarrilaren 7tik aurrera berriro hasteko.

Baina, jakina, efektu hori ez da betirako. Goserik ez izateko, Ozempic etengabe hartu behar da. Eta «denok» argaldu nahi, behar edo komeni zaigula iruditzen zaigunez, azken urteotan sendagaiaren eskasia ohikoa bihurtu da, diabetesa duten pazienteentzat ere bai. Ez al dira, ordea, haiek behar handiena dutenak?

Harrigarria bada ere, semaglutidaren aurkikuntzak 1980ko hamarkadara garamatza, akurien pankrean pozoi desberdinak probatzen zituzten zientzialarien lanera. Paracelso medikuak, XVI. mendean, zioen bezala, sendagaiaren eta pozoiaren arteko aldea dosian dago. Eta arrazoia izango zuen: semaglutida Gila munstroa izeneko narrasti baten pozoi hilkorretik dator.

Musker horren pozoian (ez da hiru metroko dinosauro bat, lasai) GLP-1 hormonaren antzera funtzionatzen duen proteina bat dago, intsulinaren ekoizpena aktibatzen duena. Horrela, hasieran diabetesa duten pazienteei laguntzeko aukera izan zena, azken urteetako industria farmazeutikoaren iraultza ekonomiko handienetako bat bihurtu da.

«Hasieran diabetesa duten pazienteei laguntzeko aukera izan zena, azken urteetako industria farmazeutikoaren iraultza ekonomiko handienetako bat bihurtu da»

Argaltzeko farmako hauen erabilerak galdera asko utzi ditu airean: norentzat dira? Zenbat denboraz hartu behar dira? Nork ordaintzen ditu? Albo-ondoriorik ba al dute? Baina gauza bat ezin da ukatu: industria farmazeutikoa inoiz baino aberatsagoa da, Gila munstroei esker.

 

*Iturria: Hemen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!