Gainera, beldur zaleak bazarete etxe sorginduak, beldurrezko scape-room-ak, beldurrezko zinema saioak, misteriozko jaialdiak,… loratzen hasiak dira, dena Halloween-en eta izuaren testuinguruan.
Zalantzarik gabe, beldurraz gozatzen eta gozatzen ez dutenen artean bada aldea. Hannibal Lecter igande arratsaldean, bai edo ez? Ni pertsonalki bigarren taldekoa naiz, aitortzen dut beldurrezko filmak aurikular batean Gozategi jarrita ikustera iritsi naizela. Baina badirudi «beldur dibertigarri» honen kontsumoa osasuntsua izan daitekeela… Izan ere, Aarhuseko unibertsitatean bada talde bat hau ulertzen saiatzen ari dena. Beldur dibertigarriaren laborategia du izena, eta jendeak beldurra zergatik gustuko duen, eta beldur horrek gure organismoan zer eragin duen ulertu nahi dute. Zer behar dagoen zonbiz betetako scape-room batera joateko. Ikerketagai hau jorratzen duen munduko laborategi bakarra denez, azken urteotan komunikabide ez-espezializatuetan ere entzutetsu egin da. Beraien ikerketa egiteko, urtero Halloween-en bueltan Aarhusetik gertu dagoen etxe sorgindu batera joaten dira. Bertan, parte hartzaileak grabatu eta beldur sentsazio subjektiboa, bihotz-maiztasuna eta odolaren inflamazio-maila neurtzen dituzte pailazo zoroak eta motozerradun harakinak parte hartzaileak hiltzen saiatu aurretik eta ondoren. Eta, ondorio interesgarrietara iritsi dira:
«Aarhuseko unibertsitatean bada talde bat beldurraren eragina ulertzen saiatzen ari dena»
1) Jendeak beldurrezko esperientziak dibertigarri sentitzeko beldur-maila «egokia» izan behar da, beldur gutxiegirekin aspertu, eta beldur gehiegirekin «pasatu» egiten baikara. Bakoitzaren neurria norberaren esku; nirea oso baxu.
2) Orokorrean jendeak gezur asko esaten ditu sentitutako beldur-mailaren inguruan. Izan ere, beldurrik ez dutela sentitu esan, eta euren bihotz-taupadek kontrakoa adierazten baitute... Ia lehertu beharrean! Hau da, nahiz eta galtzetan kaka eginda egon, duintasuna mantentzen saiatzeko beharra dugu nonbait.
2) Beldur mota honek eragindako adrenalinaren deskarga onuragarria izan daiteke gure organismoaren inflamazio kroniko maila murrizteko. Agian, paracetamola beharrean motozerradun pailazo bat?
3) Etxe sorginduaren aktoreen lana arrisku handikoa izendatu beharko litzateke, parte hartzaileek beldurtuak izatean agresiboki erantzun duten kasuetan aktoreek kolpe latzak jaso izan dituztelako… Etxe horretako aktore guztiak boluntarioak dira, eta jendea izutzeak ematen dien plazeragatik doaz bertara lanera. Hau ere ikertzeko modukoa, dudarik gabe.
Eta nik hau dena dakit laborategi honetako ikerlari nagusiaren hitzaldi bat entzuteko aukera izan nuelako. Ikaragarri interesgarria, aire fresko pixka bat gure zelula, RNA, proteina, … eta abarren mundu txikian. Hemen laborategiaren web-orrira sarrera duzue, interesatuz gero (eta Danimarkara bisita bat egin nahi izanez gero) euren ikerketetarako boluntario bila dabiltzatelako. Animatzen al zarete beldurra izatera?