Kongresuaren helburua alor ezberdinetako ikerlari gazteek egiten duten lanari ikusgarritasuna ematea da euskaraz. Diziplinartekoa eta euskalduna beraz. Euskarari dagokionez argi daukat, guk egiten ez badugu ez du inork egingo. Eta euskara funtzionala nahi badugu, zientzian ere gure aletxoa jarri beharko dugu.
«Kongresuaren helburua 'alor ezberdinetako' ikerlari gazteek egiten duten lanari ikusgarritasuna ematea da 'euskaraz'»
Zer pentsatua eman didaten beste kontzeptuak disziplinartekotasuna eta zientziaren komunikazioa dira. Zenbat dakit (eta zenbat interesatzen zait) beste alorretako ikerlariek egiten duten lana? Biologia molekularretik nator, baina zer dakit hizkuntzalaritzan, artean, feminismoan, ingeniaritzan… egiten den ikerketaz? Zenbat elkarbanatzen dugu eta zenbat ikas genezake elkarrengandik? Zientziaren mundua sektario xamarra da. Norbera bere 'nitxo'-an eroso, ez da erraza alor ezberdinetako ikerlariak elkartzea. Gaur egungo zientziaren ezaugarrietako bat muturreko espezializazioa da, non ikerketa talde bakoitza ikerketa objektu oso zehatzetan fokatzen den. Hor doa nire tesiaren izenburu: Mieloma Anizkoitzaren garapenerako funtsezko RNA ez-kodetzaileen aurkako RNA-n oinarritutako terapien garapena. Ulertzeko erraza, ez? Espezializazioaren arazoetako bat komunikaziorako zailtasuna da, gure 'nitxo'-tik harago hiztegi eta kontzeptu oso teknikoak ulergarri egitea zaila delako. Egia esan, azken egunetan denbora dezente eskaini diot izenburu ulertezin horretatik biomedikuntzan aditu ez diren pertsonei helarazteko moduko hitzaldi bat prestatzeari.
Badakit ikerketa gai bakar bat sakonean ulertzeko foku argi bat izatea beharrezkoa dela, baina iruditzen zait ikerlariok askotan denbora gehiegi pasatzen dugula hondartza osoko gure hondar aleari begira, eta irudi orokorra eta perspektiba galtzen ditugula. Batzuetan, gure ikerketatik burua altxa eta inguruan zer daukagun ikastea komeni da. Eta beharbada, gure jakintzak bateratuz ulermen sakonagoa lortu eta aurkikuntza berriak egin ditzakegu. Baina honek umiltasuna eskatzen du, ez dakigun guztia onartzeko umiltasuna…
Hau dena esanda, IkerGaztera zerbait ikasteko asmoarekin joango naiz. Gogotsu nago Euskal Herrian nire adin beretsuko jendeak egiten duen ikerketa ezagutzeko, azken finean besteekiko kontaktuaren bidez aberasten baikara. Eta, elkarbanatzen ez den zientzia hankamotz gelditzen delako…
SARIA
UEUk antolatutako IkerGazte kongresuan Ane Amundarain Iraola tolosarrak Osasun Zientzien alorreko saria irabazi du, 'Aptameroak Mieloma Anizkoitzaren aurkako RNA-n oinarritutako terapien garapenerako’ lanagatik.