SAPERE AUDE

Zer da, ba, akademia?

Erabiltzailearen aurpegia Ane Amundarain 2024ko aza. 18a, 07:57

Wikipediaren arabera, akademia goi mailako irakaskuntza eta ikerketa egiten duen erakunde eta pertsona adituen multzoari deritzo. Duela 2400 urte Platonek Atenasen Akademia deituriko eskola filosofikoa sortu zuenetik, gauzak dezente aldatu dira unibertsitate-munduan gabiltzanontzat. Hasi aurretik, nire esperientziak biomedikuntza-biologia molekularraren arlokoak direla esango dizuet, ez dakit beste adarretako ikerlariak salbatzen zareten.

Enpresa-munduarekin alderatuz, non etekin ekonomikoa lortzeko helburua argia den, akademiak badu oraindik «helburu noblearen» kutsu bat —Eman ta zabal zazu—: indibiduoaren bokazioa, anbizioa, gizarteari zerbait hobea eskaintzeko ametsa, mundutik pasa garenaren ondarea uzteko aukera, jakin-mina, sormena… Onartzen dut Bioteknologiako gradua amaitu ondoren honetan guztian sinesteak eraman ninduela doktoretza-tesi bat hastera. Eta oraindik nire barruan dirautela… Hala ere, iruditzen zait ideia hauek akademiaren ikuspegi erromantiko xamar batetik datozela, gaur egungo akademiak ere logika neoliberalaren arabera funtzionatzen baitu maila guztietan: Unibertsitate-Ranking-ak, ikerlarien inpaktu-faktoreak, finantzaketa lortu eta inpaktu handiko aldizkarietan —Nature, Science, Cell… delakoak, denak editorial handien eskutan daudenak eta diru kantitate lotsagarriak kobratzen dituztenak argitaratzeko— argitaratzeko konpetentzia, indarrean dagoen «argitaratu edo hil» doktrina, ego-ak, sare sozialetako lanaren propaganda etengabea… Eta horretan guztian, non gelditzen da jakintza? Non jakin-mina?

Mundu akademikoan Ameriketako Estatu Batuetatik datorren akademia lan egiteko moduaren ikuspegi kapitalista gailenduta dago; honen arabera, inpaktu handiko aldizkarietan argitaratzeko 24/7 lan egin behar da norberaren bizitzako beste aspektuak alde batera utziz —Nature edo hil—. Hau omen da arrakastatsua izan eta gerora ikerketan jarraitzeko finantzaketa lortzeko modu bakarra. Eta, onar dezagun «arrakasta» hau oso gutxiren eskura dagoela. Izan ere, nire esperientziak dio 24/7 lan eginda ere, batzuetan korrelazio hau ez dela hain lineala, askotan momentu egokian leku egokian egoteak —zorteak— pisu gehiago baitu laborategian botatako izerdi litroek baino. Lasterketa ero honek osasun mental eta fisikoan dituen ondorioak kontuan izan gabe… Batzuetan eredu honen arabera behintzat «inora ez iristeko».

 

«Esango dizuet badirudiela Platonen Akademia hartatik izena besterik ez zaigula gelditzen»

Pentsatuko duzue agian akademiarekin desengainatu xamar nagoela. Edo, testu honetan dohaineko terapia egiteko aprobetxatu dudala. Zorionez, Danimarkako doktoretza-ondorengo esperientzia ikaragarri aberasgarria izaten ari zait bai zientifikoki eta baita zientziatik kanpo ere —etxekoak lasai, ondo nago—. Plano hertsiki intelektual batetik, zientzia explorazio lan zirraragarri bat da. Baina, komeni da ikerketa kokatzen den errealitatearen inguruan hausnartzea. Era berean, plano indibidualetik haratago, akademia-ereduaren inguruko eztabaidak plano kolektiboaren beharra duela iruditzen zait. Baina, eztabaida hau funtsean eredu neoliberala ahalbidetzen duen sistema berari buruzkoa da. Bukatzeko, esango dizuet badirudiela Platonen Akademia hartatik izena besterik ez zaigula gelditzen, norabidea behintzat nahiko galduta daukagulako…

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!