Uste dut askotan esan dizuedala, baina gure zelulatxo bakoitzaren barruan gauza asko gertatzen dira. Milaka proteina ezberdin elkarlanean aritzen dira funtzio ezberdinak burutzeko, eta ondorioz zelula hazi, mugitu, zatitu, erlazionatu… daiteke. Eta proteina hauetako batzuen lana zelularen, eta ondorioz organismoaren bizitzaren iraupena ezartzea da. ERK, AMPK eta mTORC1 izeneko proteina-taldeen lanari esker zeluletan bizitza «mantendu» daiteke. Eta zahartzen goazen neurrian, proteina hauen funtzionamendua alteratu egiten da zeluletan arazo ugari eraginez, esaterako, mitokondrien funtzionamendu okerra, inflamazioa eta zelulen heriotza goiztiarra. Hau da, dekadentzia proteina hauek alfertzean datorkigu…
«ERK, AMPK eta mTORC1 izeneko proteina-taldeen lanari esker zeluletan bizitza 'mantendu' daiteke»
Era berean, inflamazio kronikoa organismoaren zahartzearen ezaugarri nagusietako bat da, non immunitate sistemaren funtzionamendu okerrak Interleukina-11 bezalako zitokina pro-inflamatorioen gehiegizko produkzioa eragiten duen. Zitokinak seinale molekulak dira, eta kasu zehatz honetan, zitokina proinflamatorioen berezko eginkizuna infekzioen aurre egiteko immunitate sistema aktibatzea da. Hala ere, zahartzen goazen neurrian infekziorik gabeko egoeran gehiegizko zitokinen produkzioak immunitate sistemaren etengabeko aktibazio ez-funtzionala dakar, organismoa inflamazio-egoera kroniko batera eramanez.
Baina lasai! Zuen zitokina pro-inflamatorioen inguruan kezkatzen hasi bazarete, argitaratu berri den ikerketa honen arabera, laborategiko saguetan Interleukina-11-ren blokeoak adinarekin ematen den gainbehera metabolikotik, ahuldadetik eta multi-morbilitatetik babes dezake. Era berean, metabolismoaren eta muskuluen funtzioa hobetu dezake, eta tratamendua jasotako saguen bizitzaren iraupena %25 inguruan luzatu dezake. Ez da makala, ezta?
Tamalez, ikerketa honek Interleukina-11 blokeatzeko terapia farmakologikoaz gain (oraindik fase esperimentaletan dagoena) ez du bizitza luzatzeko gomendio miragarririk egiten. Eta Interleukina-11 blokeatzeko pastilla magikoa merkaturatuko balitz ere, ez nago ziur ea Osakidetzak estaliko ligukeen. Badirudi bizitza luzatzea teknikoki posible izan daitekeela, baina zein dira erloju biologikoaren tik-tak-a moteltze honen ondorioak? Ba al du albo-kalterik? Eta, argaltzeko mirari berria den Ozempic-en moduan, farmakoa denontzat da edo ordaindu dezakeenarentzat bakarrik dago eskuragarri? Ez daukat galdera hauentzat erantzunik, beraz, bitartean Kupela taldeak ondo esan zuen bezala… «Bizi zaitez bizi, ahalikan ondoen, inork ezpaitakigu bihar zer dagoen!».