Hasiera batean, DNA guzti horri «zabor DNA» deitu zitzaion. Baina gerora, zaborra baino askoz gehiago dela ikusi da. Izatez, giza genomaren erdia transposoi delako elementu mugikorrek osatzen dute, giza genomako elementu ugarienak izanik. Eta ez gizakietan bakarrik, gainerako animalia, landare, bakterio edo onddoetan ere genomako elementurik ugariena dira transposoiak. Elementu hauek genomaren alde batetik bestera salto egiteko gai diren sekuentziak dira, eta genomen eboluzioan, funtzioan eta gaixotasunen garapenean ikaragarrizko eragina izan dute. Izan ere, salto egiten duten lekuaren arabera transposoiek «interruptore» bezala jokatzen duten genoman, gene zehatzen adierazpena aktibatuz edo isilduz. Gaur egun, identifikatutako transposoi gehienak «isilik» daude eta ez dira beren lekutik mugitzen, baina hauetako batzuek oraindik sorpresatxoak ematen jarraitzen dute…
Harrigarriki, transposoiak lehen aldiz artoan aurkitu ziren, arto-aleen kolore ezberdinak ikertzen zituen Barbara McClintocken eskutik
Harrigarriki, transposoiak lehen aldiz artoan aurkitu ziren, arto-aleen kolore ezberdinak ikertzen zituen Barbara McClintocken eskutik. Izan ere, nola zen posible arto-ale guztiek material genetiko bera izanda hain kolore ezberdinak izatea? McClintockek genetika klasikoaren arauak hankaz gora jarri zituen artoaren kolore ezberdinak genoman zehar mugitzen ziren geneei esker gertatzen zirela erakutsi zuenean. Izan ere, ondoko irudiko arto-ale zuriak transpoi batek pigmentu morea ematen duen genearen barrura salto egin eta ondorioz gene horrek kolore morea sortzea blokeatzean sortzen dira. Aurkikuntza polemikoa izan bazen ere (agian genetikaren dogmak zalantzan jarri zituen lehen emakumea izateagatik?), 1983. urtean medikuntzako Nobel Saria jaso zuen McClintockek gene jauzilari hauek aurkitzeagatik.
Esan bezala, transposoien mugimenduak genoman duten eragina jauzi egiten duten lekuaren araberakoa izango da, salto egitean organismoen DNAn aldaketak gertatzen baitira. Eta mekanismo hau bizidunen eboluziorako ezinbesteko tresna da. Gizakien kasuan, transposoien aktibitatea gehienbat garapen enbrionarioan ematen da, eta kasurik gehienetan jauziek eraginik ez badute ere, kasu batzuetan eragindako aldaketak organismoari abantailaren bat eman dakioke. Era berean, garapenerako ezinbesteko generen baten erdian sartuz gero, transposoiaren jauziak beste organismoekiko desabantailak edo gaixotasunak eragin ditzake. Esaterako, gaur egun uste da 65 gaixotasun genetiko inguru transposoien jauziek eragindakoak izan daitezkeela. Eta sortutako organismo berri bakoitzean, transposoiek genomaren edozein lekura salto egiteko aukera daukate! Tamalez, oraindik transposoien inguruan nahiko gutxi dakigunez; noiz, nora, eta zein ondoriorekin salto egingo duten jakitea zaila da gaur egun. Hau da, aurrerapen teknologikoetan oinarritutako 2023. urte honetan, non gizakiok cyborg bihurtzetik gero eta gertuago gaudela dirudien (bide batez, zer beldurra!), esan dezakegu gure geneek oraindik gene jauzilari batzuek kapritxoen mende jarraitzen duela.