Bada, fenomeno hau ere ikerkuntzan ikaragarri zabaldua dago. Pentsa bestela zein den ikerlari baten bizitza arautzen duen doktrina: argitaratu ala hil. Honen atzean zientzia-argitalpen eta finantzaketa-moduen sistema ustela besterik ez dago. Bestela ezin da azaldu duela aste pare bat ikaragarrizko oihartzuna izan duen berria.
«Zein da ikerlari baten bizitza arautzen duen doktrina: argitaratu ala hil. Atzean zientzia argitalpen eta finantzaketa moduen sistema ustela besterik ez dago»
Ba al dakizue zer den Shanghai-ko Unibertsitateak urtero egiten duen Unibertsitateen Ranking-a? Bertan, mundu osoko unibertsitaterik onenen zerrenda egiten dute urtero, unibertsitate bakoitzaren lorpenen arabera. Eta zerrenda horretan ahalik eta gorena egoteko faktore garrantzitsuenen artean unibertsitate bakoitzeko ikerlarien lana dago. Lan hau ikerlari bakoitzak argitaratutako artikulu kopuruaren, eta artikulu horiek argitaratu diren aldizkari zientifikoaren arabera baloratzen da. Hau da, zenbat eta artikulu gehiago eta zenbat eta aldizkari «hobean» argitaratu, ikerlari horrek entzute handiagoa izango du. Eta horrek bere jatorrizko unibertsitateari puntuak emango dizkio ranking-ean hobeto kokatzeko.
Joan den astean Espainiako Estatuko irrati, prentsa eta telebista kate guztietan ezagutzera eman da zenbait ikerlari espainiar Saudi Arabiako unibertsitateen dirua jasotzen aritu direla beraien artikulu zientifikoetan unibertsitate arabiarretan lan egiten dutela adierazteagatik. Modu honetara, ikerlari hauek ikaragarri argitaratzen dutenez, argitaratutako artikulu pila horiek unibertsitate arabiarrenak balira bezala kontuan hartzen dira ranking-erako, eta unibertsitate hauek ranking-ean gora eta gora egiten dute. Kontua da, ikerlari espainiar hauek beraien jatorrizko unibertsitate espainiarretan egiten dutela lan eta Arabiako unibertsitate hauekin ez dutela lan harremanik (kobratzen duten diruaz gain).
Esaterako, Kordobako Unibertsitateko Rafael Luque kimikaria lan eta soldatarik gabe zigortu dute 13 urtez, azken urtean bere artikuluak Saudi Arabiako unibertsitate batean lan egingo balu bezala sinatzeagatik. Nahiz eta berak Kordoban lan egiten jarraitu. Izan ere, diru mordoxka eder batek edozein despistatu dezake. Eta ez pentsa kasu isolatua denik, tratua onartu duten zientzialari gehiagoren izenak ere ezagunak egin baitira.
Niri momentuz ez zait Saudi Arabiatik eskaintzarik iritsi. Hala ere, kasu hauek garbi uzten dute gaur egun ezarrita dagoen sistemak ez duela ikerkuntzaren kalitatea lehenesten; izan ere, helburua ona izanagatik ere, gaur egun zientzia negozio bat da. Eta bitartean, artikuluak argitaratzeagatik dirutza kobratzen dizkiguten argitaletxeak etengabe aberastuz doaz… Hau al da nahi eta behar dugun zientzia? Beharbada, bada garaia galdera horri gizarte osoaren partetik erantzun bateratu bat emateko. Bestela, ezin jakin 10 urteko tartean zuek ere ez ote duzuen Saudi Arabiako «gonbidapenik» jasoko.