Bada, urte berria hasi dugun honetan iraganera begira jarri nahiko nuke gaur, zehazki duela 50.000 urte ingurura. Izan ere, denok omen gara pixka bat Neanderthalak. Edo hori dio Svante Pääbo-k. Agian, Qatar-eko Munduko Futbol Txapelketarekin kointziditu duelako, ez zarete ezertaz jabetu. Baina, 2022. urtean Svante Pääbo-k Medikuntza eta Fisiologiako Nobel Saria jaso du paleogenomikaren alorrari egindako ekarpenei esker. Zehazki, Neanderthalen genoma osoa duela 50.000 urteko hezurretatik atera, sekuentziatu eta analizatzen lehena izateagatik. Eta harrigarriki, gaur egungo gizakion informazio genetikoarekin konparatzean, historian zehar Homo sapiens eta Neanderthalak elkar nahastu izanaren aztarnak aurkitu izanagatik. Ordura arte, Neanderthalak Afrikatik iritsitako Homo sapiens-en inbasioaren ondorioz desagertu zirela uste zen. Listoagoak omen ginen eta… Baina Pääbo-k erakutsi digu giza eboluzioa uste baino prozesu konplexuagoa izan dela, eta gizaki modernook eboluzioaren kate osoko katebegi txiki bat besterik ez garela.
'Homo sapiens' ikaragarri aurreratuok, 'Neanderthal'en eta 'Denisovar'en geneak daramatzagu gure DNA-n
Paleogenomikak iraganeko giza taldeak ikertzen ditu beraien material genetikoaren bidez. Eta ez pentsa erraza denik duela 50.000 urteko hezurretatik DNA lortu eta ikertzea. Dirudienez, Pääbo-k urteetako diplomaziaren beharra izan zuen bere lehen ikerketetarako museoren batetik hezur Neanderthal preziatu bat lortu arte. Zertarako eta hauts bihurtu eta bertatik DNA ateratzeko. Bestalde, denborarekin hezurretako material genetikoa ere degradatzen doa eta ez da erraza kalitate oneko DNA lortzea. Baina, zailtasunak zailtasun, Pääbo-ren taldeak 2010. urtean Neanderthalen genoma osoa lehen aldiz sekuentziatzea lortu zuen, eta esan bezala, Homo sapiens-en genomaren %1-4 artean Neanderthalengandik zetorrela aurkitu zuten. Hau gutxi balitz, Pääbo-ren taldeak orain arte ezagutzen ez zen hominido espezie berri bat identifikatzea lortu zuen Errusiako Denisova haitzuloan aurkitutako hezur eta hortzetatik, gaur egun Denisovar modura ezagutzen dena. Eta hauen material genetikoa ere gaur egungo gizakiongana heldu da.
Bai irakurle, guk, Homo sapiens ikaragarri aurreratuok, Neanderthalen eta Denisovarren geneak daramatzagu gure DNA-n. Eta oraindik guregan eragina dute. Esaterako, Neanderthalen geneek COVID-19 bezalako infekzioen aurka gure immunitate sistemak ematen duen erantzunean eragin zutena dute. Eta gaur egungo tibetar eta sherpei altuerara egokitzen laguntzen dien EPAS1 genearen aldaera Denisovarrengandik datorrela ikusi da.
Zalantzarik gabe, Pääbo-ren ikerketak oinarrizko zenbait galderei erantzuteko saiakera bat dira: «Nondik gatoz? Zerk desberdintzen gaitu Homo sapiens-ok gainerako hominidoetatik?». Pääbo beraren hitzetan «ikerketa hauei esker, iraganean gertatutakoaren zertxobait gehiago ulertzeko gai izango gara». Garrantzitsua baita nondik gatozen ezagutzea nora goazen jakiteko.