SAPERE AUDE

PRIOIAK (edo kanibalismoa eta behi zoroak)

Erabiltzailearen aurpegia Ane Amundarain 2022ko urr. 15a, 07:58

Testua idatzi ondoren konturatu naiz beharbada kurtsoa hasteko aukeratu dudan gaia ez dela oso atsegina. Badakit zuetako batzuk txuleta zaleak izango zaretela, hala bada, barkatuko didazue. Baina duela gutxi, Interneten noraezean nenbilen bitartean prioiekin topo egin nuen beste behin (1). Ba al dakizue zer diren prioiak?

1950eko hamarkadan ikerlari talde batek Papua Ginea Berriko eskualde menditsu batean bizi zen Fore tribua bisitatu zuen. Fore tribuak euren hildakoak jateko ohitura zuen, heriotza errituen parte modura. Emakume, haur eta zaharrek hildakoaren garuna eta barne-organoak jaten zituzten, gizonek aldiz, ez zuten parte hartzen edo beste gizonen haragia bakarrik jaten zuten. Era berean, Fore tribukoek kuru deritzan gaixotasun ordura arte ezezaguna pairatzen zutela ikusi zuten. Fore-tarren hizkuntzan, kuru-k barrearen gaixotasuna esan nahi du. Gaixotasun honek gehienbat emakume eta haurrei eragiten zien, hasieran gaixotasunaren sintomak ibili eta hitz egiteko arazoak eta koordinazio galera ziren; gerora depresioa, mugimendu bortitzak, ezintasun mentala eta barre kontrolik gabea garatzen zirelarik. Azken fasean, gaixoak ultzerak eta irensteko arazoak pairatzen zituen hil arte.

Kuru-ak Ginea Berriko beste tribuei eragiten ez bazien ere, ikerlariek kuru-ak oinarri genetikoa izatea baztertu zuten, XX. mendean Fore-en artean ikaragarri azkar zabaldu baitzen eta ezinezkoa baitzen gaixo guztiak pertsona berdinaren ondorengoak izatea. Segituan, kuru-a kanibalismoarekin erlazionatu zen, fore-ek bakarrik praktikatzen zuten ohitura baitzen. Eta izatez, kanibalismoa baztertzeko konbentzitu zituztenetik jaiotako Fore-en artean ez da kuru kasurik detektatu.

 

1982an, Stanley B. Prusiner eta bere taldeak animalia gaixoen garunetan prioi izendatu zuten proteina infekziosoa aurkitu zuten



Kuru-a kutsatutako giza garunak jateagatik sortutako gaixotasun infekziosoa zela frogatu zuen lehena Daniel C. Gadjusek birologoa izan zen. Horretarako, kuruz hildako giza gaixoen garun zatiak txinpantzeen garunetan inokulatu zituen, eta handik urte batzuetara txinpantzeek kuru-a garatu zuten. Infekzioaren unetik gaixotasunaren sintomak garatu arte hainbeste denbora pasatzen zenez, hasieran kuru-a birus latente batek eragindakoa izan zitekeela uste zen, baina 1982. urtean, Stanley B. Prusiner eta bere taldeak animalia gaixoen garunetan prioi izendatu zuten proteina infekziosoa aurkitu zuten. Funtsean, prioi proteinaren bi forma existitzen dira, normala (PrPc) eta infekziosoa (PrPsc). Proteinaren forma infekziosoa gaizki tolestuta dago, eta ondorioz organismo sano batean prioi proteina normalarekin aurkitzean honen egitura aldatu eta hau ere infekzioso bihurtzeko ahalmena du. Honela, kate-erreakzioa martxan jartzean organismoko prioi proteina normalak infekzioso bihurtzen doaz azkenean gaixotasuna eraginez.

Gaur egun, badakigu prioiak direla kuru-a, behi zoroen gaixotasuna, ardien scrapie-a eta Creutzfeldt-Jakob gaixotasuna bezalako entzefalopatia espongiformeen eragileak. Izatez, behi zoroei fore tribukoei bezala gertatu zitzaien; izan ere, 80. hamarkada amaieran behientzako pentsua beste behi eta ardien gorpuzkiekin egiten zen eta dirudienez, ekoizpen prozesuan ez ziren prioiak inaktibatzen. Eta behi gaixoen haragia jandako pertsonak ere infektatu ziren, Europar Batasunean osasun-krisi eta krisi politikoa eraginez. Zoritxarrez, prioiak ikaragarri iraunkorrak dira. Tenperaturak, erradiazioak, disolbatzaile sendoek, detergenteek, … ez dute prioiak guztiz erradikatzearen bermerik ematen. Era berean, prioia gaizki tolestutako proteina bat denez, ez da orain arte hauen aurkako sendagairik garatu ahal izan.

Zalantzarik gabe, prioiak zirraragarri bezain arriskutsuak dira. Gaur egun, giza kontsumorako animalia orori probak egitea derrigorrezkoa da eta gaixotasunaren agerpena ikaragarri kontrolatuta dago. Beraz, espero dut ez nizuela txuleta on bat jateko gogorik kenduko…

(1) Iturria: https://microbioblog.es/por-que-no-es-saludable-el-canibalismo

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!