SAPERE AUDE

Eta, zeri buruzkoa da zure tesia? (II)

Erabiltzailearen aurpegia Ane Amundarain 2022ko eka. 6a, 07:57

Irakurle maitea, badira jada ia hiru urte zurekin Sapere Aude atal honetan zita finkatu nuenetik. Zientziaren alorrean interesgarriak, berritzaileak, bitxiak,… diren gaiak lantzen saiatu naiz, baina gaur, Ataria-n argitaratu ditudan artikuluen izenburuak irakurtzean —ale berri batentzako inspirazio bila— konturatu naiz inoiz ez naizela atal hau hasteko aitzakia zen galdera erantzuten saiatu. Hau da, seguruenik ez dakizu zeri buruzkoa den nire tesia.

Bada, nire tesiaren helburua odol eta hezur-muineko minbizi mota batentzat —mieloma anizkoitza— RNAn oinarritutako terapiak garatzea da. COVID-19aren pandemiari esker, RNAn oinarritutako txertoak ikaragarri modan jarri dira. Eta txertoez haratago, badirudi RNAn oinarritutako terapiak etorkizuna izango direla. Eta horretan nago ni…

Esan genezake RNA molekulek azken urteotan bidaia zirraragarria egin dutela. Izan ere, duela gutxi arte RNA zeluletako molekula mezularia besterik ez zela uste zen. Hau da, bere funtsezko lana —eta bakarra— DNAn gordetako informazioa zeluletako funtzioak burutzen dituzten proteinak ekoizteko transmititzea zen. Baina gaur egun badakigu RNA mezulari soil bat baino askoz gehiago dela, alde batetik zelulen oinarrizko funtzio askotarako ezinbestekoa delako, eta bestetik estrategia terapeutiko berrien garapena ahalbidetzen duelako.

RNA molekulak ikaragarri malguak dira, eta horrek era askotako RNA terapeutiko sintetikoak garatzea ahalbidetu du. Hauen artean, nire tesiaren protagonista diren Aptameroak dauzkagu. Seguru aski ez zaizkizue ezagunak egingo, baina antigorputz kimiko modura ere ezagunak dira Aptameroak. Funtsean RNA sekuentzia laburrak dira, beraien sekuentziaren arabera modu batera edo beste batera tolesten direnak 3D egitura zehatzak lortuz. 3D egitura honek aptameroei proteina, substantzia kimiko, birus edo zelula espezifikoak ezagutu eta hauei lotzea ahalbidetzen die, antigorputzek egiten duten antzera.

 

Bada, nire tesiaren helburua odol eta hezur-muineko minbizi mota batentzat RNAn oinarritutako terapiak garatzea da»



Beraz, aptameroak molekula detektibeak direla esan genezake, beraien harrapakina identifikatzean espezifikotasun handiz lotuko direnak. Pentsa, hain ahaltsuak dira zein harrapakinaren kantitate ñimiñoak detektatzeko gai diren. Gure kasuan, helburua mieloma anizkoitzeko zeluletara espezifikoki lotzen den aptamero bat garatzea da, gero aptamero honi molekula terapeutikoa lotu eta modu honetara minbizi zelulak hiltzea lortuz.

Antigorputzen aldean aptameroen abantaila nagusia tamaina da, antigorputzak proteina oso handiak eta ekoizteko konplexuak baitira, eta aptameroak aldiz, erraz sintetizatu daitezkeen molekula txikiak. Hala ere, aptameroak molekula sintetikoak direnez, gure harrapakina detektatuko duten aptamero sekuentziak ezin dira besterik gabe asmatu, baizik eta norberak identifikatu behar ditu SELEX izeneko teknika baten bidez, non milioika eta milioika aptameroz osatutako multzo batetik gure itua ondoen ezagutzen dutenak identifikatuko diren. Eta sinets iezadazue, SELEX bat egitea ikaragarrizko lana da… Behin aptamero hautagaiak identifikatu ditugunean, gure molekulek beraien lana ondo egiten dutela ziurtatu behar da terapia moduan erabili ahal izateko; izan ere, minbiziaren borrokan erabili ahal izateko ahalik eta aptamero onenak nahi ditugu!

Laburrean, horretan datza nire tesiak, irakurle. Zalantzarik baduzue, galdetu lasai. Nik bitartean mieloma anizkoitzarentzat aptamero egokienen bila jarraituko dut, eta zuek, gozatu udara!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!