SAPERE AUDE

Txerrikietatik gizakietara transplanteak egiteko bidean

Erabiltzailearen aurpegia Ane Amundarain 2022ko urt. 30a, 19:58

Hasteko, urte berri on irakurle! Espero gabon zoriontsuak (ahal den neurrian) pasako zenituztela Omikronen konpainian. Ez du ematen 2022 urte hasieran COVID-19-a bakerik ematen ari zaigunik… Baina, gezurra badirudi ere, urte hasiera honek medikuntza mundutik ere berri onak ekarri ditu, urtarrilaren 7an lehen aldiz txerritik gizakirako bihotz-transplante arrakastatsua burutu baita Ameriketako Estatu Batuetan.

Ebakuntza hau bihotzeko gaitz sendaezin bat pairatzen duen gizon baten bizitza salbatzeko azken aukera izan da, bere egoeragatik ez baitzen giza bihotz bat jasotzeko hautagaia. Oraindik ez dago argi bihotzak ondo funtzionatuko duen edo pazienteak zenbat iraungo duen bizirik, baina ez dago zalantzarik transplanteetarako organo-eskasiari aurre egiteko bidean aurrerapen historikoa izan daitekeela. Izan ere, 2022. urtean oraindik ez dago bihotz nahikorik transplante baten zain dauden pertsona guztientzat.

Xenotransplanteen (edo animalietatik gizakietarako) transplanteen ideia hau ez da berria. Horren adibide 1984. urtean zalaparta nabarmena eragin zuen Baby Fae kasua, zeinetan bihotzeko akats sendaezin bat zuen haur jaioberri bati mandril kume baten bihotza transplantatu zitzaion. Haurrak 21 egun iraun zuen bizirik, eta misterio-kutsu batean inguratutako bere heriotzak animalietatik gizakietarako transplanteen inguruko eztabaida etiko sutsua piztu zuen garaian. Hala ere, orain arteko saiakeretan transplantatutako animalien organoekiko errefusa (rechazo delakoa) oso azkar garatu denez, xenotransplanteen ideia hau kaxoi batean gordeta gelditu da… Gaur egun arte.

Ebakuntza hau bihotzeko gaitz sendaezin bat pairatzen duen gizon baten bizitza salbatzeko azken aukera izan da, bere egoeragatik ez baitzen giza bihotz bat jasotzeko hautagaia.

Esan bezala, animalietatik gizakietarako transplanteen arazo nagusia gure immunitate-sistemak organo arrotza azkar errefusatzen duela da. Arazo hau gizakien arteko transplanteetan ere ematen da, gutako bakoitzaren immunitate-sistema gizabanako desberdinen zelulen arteko ezberdintasun txikiak antzemateko gai baita. Baina gizaki eta animalien zelulak dezente ezberdinagoak direnez, transplante ondorengo errefusa azkarrak medio orain arte xenotransplanteak ez dira bideragarriak izan. Baina txerrietara itzuliz, errefusa azkar hauen zergatiak aurkitzeko zenbait ikerketetan ikusi da gure immunitate-sistemak txerri-zelulen kanpoaldeko zenbait azukre-molekula arrotz moduan identifikatzen dituela, hauek erasotzeko antigorputzak garatu eta azkenean bihotz transplantatua suntsituz. Beraz, azukre-molekula hauek kenduta akabo arazoa! Edo ez?

Berez, xenotransplante bat arrakastatsua izateko, organo berria ahalik eta antigorputz gutxienek eraso behar dute suntsitua izan ez dadin. Horretarako, alde batetik immunitate-sistema makaltzeko farmako immuno-supresoreak behar dira, gizakien arteko transplanteetan erabiltzen direnak baino dezente ahaltsuagoak gainera. Baina immuno-supresore hauek bakarrik ez dira nahikoak txerri-bihotzaren aurkako errefusa ekiditeko. Eta horretan datza transplante honen berrikuntza nagusiak, txerri-bihotzak genetikoki eraldatutako txerrietatik lortu baitira. Zehazki, txerri hauetan errefusa eragiten duten azukre-molekula hauek bihotzeko zelulen kanpoaldetik kendu dira ingeniaritza genetikoko tekniken bidez. Honela, bihotz hauek gizakietan sartzean eragingo duten erantzun immunea askoz ahulagoa izatea espero da. Jadanik badira eraldaketa genetiko egokienen konbinaketetan lanean diharduten enpresak gero eta organo tolerableagoak sortzeko, eta lehen apustu honek funtzionatzen badu, xenotransplanteak aukera erreal bat bihurtu daitezke organo baten zain dauden pazienteentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!