Kokatu gaitezen… Eguberri bazkaria familiaren etxean: pikatzeko kroketak, urdaiazpikoa, amonaren zopa, arkumea labean, turroiak,… eta ikaragarrizko betekada hartu ondoren, afaltzeko gazta eta urdaiazpikoa berriro ere. Onar dezagun, gazta on baten aurrean eustea ezinezkoa da. Ahulak garela dirudi… Edo agian ez? Zer pentsatuko zenukete gazta eta ogiak adikzioa sortzeko gaitasuna dutela esango banizue? Eta menpekotasun honen mekanismoa droga opiazeoen antzekoa dela? Akaso, gazta eta ogiaren yonki batzuk izateko diseinatuak gaude…
Izenburura itzuliz, lau gazta pizza zati bati ezetz esatearen zailtasunaren gakoa endorfina eta exorfina izeneko hormonetan dago. Jakingo duzuen bezala, endorfinak gure organismoak era naturalean sortzen dituen plazeraren hormonak dira, hauek izanik kirola egitean, maitemintzean, jatean edo edatean ondo sentitzearen erantzuleak. Kimikoki, hormona hauek morfina eta heroina bezalako opioideen oso antzekoak dira. Zehazki, droga opioideak endorfinak batzen diren zeluletako opioide hartzaile berdinetara lotzen dira, hartzaile hauen bidez garuneko sari-sistema aktibatu eta ongizatea eraginez. Aski ezagunak zaizkigu opioide hauek organismoan sortzen dituzten efektuak (beharbada, zuetako batzuek probatu dituzue…), eta endorfinek, maila apalagoan bada ere, ongizate sentipen bera sortzen digute. Hala ere, droga opioideen aldean, endorfinen ekoizpenak gure organismoan arrazoi ebolutibo argia du. Pentsatu, gure organismoak saritu egiten gaitu jan, edan, ugaldu edo gure gorputza entrenatzen dugun uneetan; hau da, biziraupenerako ezinbestekoak diren ekintzak burutzean. Eta aldiz, kaltegarria den alkohol gehiegi edaten dugunean, ikaragarrizko ajea oparitzen digu (ez dut zalantzarik irakurle guztiok probatu duzuela). Azken batean, ezin dugu esan giza gorputza gaizki diseinatua dagoenik…
Hala ere, droga opioideez gain, badira opioide hartzaile hauetara lotzen diren beste substantzia batzuk, exorfinak hain zuzen. Exorfinak endorfinen oso antzekoak dira, baina hauen aldean ez ditu organismoak sortzen eta elikagaien bidez lortzen dira. Eta beraien efektua morfinaren oso antzekoa da. Hau irakurtzean, burutik pasa zitzaidan lehen gauza elikagai opioideak existitzea ea posible zen izan zen. Hau da, eguneroko elikagai batzuek droga arriskutsuen efektu berdinak izatea… Beraz, ikus dezagun exorfinek nola bihurtzen gaituzten adikto.
Exorfinak zenbait elikagairen digestiotik sortzen diren peptido (proteina zati txiki) opiodeak dira. Hau da, elikagai hauen proteinak digeritzean endorfinen antzera plazera eta ongizatea eragiten duten molekulak sortzen dira. Hala ere, exorfinen kasuan emaitza ez da hain onuragarria, izan ere, exorfina gehiegiren kontsumoa organismoarentzat kaltegarria da eta janariarekiko menpekotasuna eragin dezake. Eta hemen dator kontuaren mamia… exorfina ekoizpen handiena eragiten duten bi proteinak gariaren glutena eta esnearen kaseina dira. Hau da, OGIA eta GAZTA jatean organismoko plazer mekanismoak aktibatzen ditugu. Gainera, endorfinekin alderatuz, gluten eta kaseinatik eratorritako exorfinak dezentez handiagoak direnez, opiode hartzaileetan sortzen duten efektua indartsuagoa da, garuneko sari-sistemaren gehiegizko aktibazioa eraginez. Gainaktibazio honen ondorio zuzena menpekotasuna da, exorfinetan aberatsak diren elikagaien kontsumoa sustatuz. Pentsa, hozkailua ireki beste esfortzurik gabe lortzen dugun saria da, eta egoera honetan garunaren erantzun naturala plazer hau etengabe eskatzea da, azkenean elikagai hauek kontrolik gabe kontsumitzera eramanez.
Hau horrela, badirudi dieta egitean dena ez dela borondate kontua, gure garuna ogia eta gazta uzteko asmoak boikoteatzeko diseinatua baitago. Beraz, pizza zati baten aurrean ezezkorik esan ezin badugu ez nintzateke gehiegi kezkatuko, errua ez baita gurea, exorfinena baizik…