S.O.S. Hezkuntza

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Karrera Garcia

Idatzi hau egiteko, eta errepikakorra ez izateko, duela hiru urte espazio honetan idatzi nuen PISA txostenari buruzko artikulua berrirakurri dut; izan ere, irakasle naizen aldetik, behartuta sentitzen naiz azken neurketak utzitako emaitza kaxkarren inguruan nire hausnarketa plazaratzera.

Berrirakurketa eginda, idatzitako guztia berresten dudanez, ea zer esaten dizuedan oraingoan.

Nire iritzia emateko urteetako lan-eskarmentuan oinarritzen naiz; ez naiz ikerlaria, eta are gutxiago aditua ezertan. Beraz, ondorio hauek nire uste apalak besterik ez dira, eta badakizue: «Usteak ustel». Hau esanda…

Emaitza hauen irakurketa azkarrak, berriro ere, ikasleak jartzen ditu jomugan, eta, haiekin batera, familiak eta irakasleak. Jakin ezazue PISAk lau elementu nagusi hartzen dituela kontuan errendimendua eta gaitasunak neurtzeko: matematika-, zientzia- eta irakurketa-gaitasunak; motibazio- eta faktore psikologikoak; eskola- eta ikaskuntza-giroa; eta, azkenik, ingurune sozioekonomikoa eta kulturala. Beraz, gure nerabeen gaitasunen argazki finkoa ateratzen denean, eskolatik harago doazen faktoreak funtsezkoak direla begi-bistan dago. Ondorioz, emaitza hauek guztienak dira; hau da, guztiok jartzen gaituzte auzitan, eta guztion artean hezkuntza-sistemak hartu duen norabide falta irauli beharko dugu.

Bestetik, esan beharra dago irakasleoi emaitza horiek ez gaituztela harritu. Urteak dira errealitate hori geletan ikusten dugula. Irakasleok ez dugu PISAren beharrik hezkuntza-sistemaren eta, oro har, gizartearen gabeziak ikusteko. Kontua da: horiek estaltzen edota elikatzen jarraituko dugu? Ea datozen hiru urteetan zer egiteko gai garen.

Aitortu behar dut txostenak agerian utzi duen egungo nerabeen jakin-minaren beherakada dela gehien kezkatu nauena; nerabezaroa mundua deskubritzeko eta eraldatzeko garaitzat ulertzen dudalako, helduen munduaren atarian daudelako eta dena posible den leku horretan ibiltzen hasiak direlako. Ordea, bizitza leiho itxi eta estu batetik begiratzen ari dira, kanpora irteteko beldurrez. Zergatik ote?

«PISAk argazki bat erakutsi digu; orain guri dagokigu argazki horrekin zer egin erabakitzea»

Era berean, ikasleen eta irakasleen arteko harremanari buruzko datuek ere kezka sortu didate. Bereziki deigarria iruditu zait Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleek irakasleengandik jasotzen duten babesa edo laguntza nahikoa ez dela hautematen dutela. Hori bai porrota… Konfiantzarik gabe, babesturik sentitu gabe, nola hazi? Nola hezi?

Entzun ditudan neurrien artean, irakurketaren sustapena eta teknologiaren erabilera hausnartua datozkigu; eta ongietorriak, noski. Baina, irakurketa eta haren ulermena gutxietsi gabe, gure gazteen bizitzeko eta mundua esploratzeko grina piztu nahi badugu, neurri horiek baino sakonagoak diren aldaketak egin beharko dira, aldaketa sistemikoak, alegia.

Azken batean, gure lana ez da PISA gisako txosten batean ateratako emaitza batean oinarritzen. Ikasleei behin eta berriz esaten diegun bezala, «nota» baino garrantzitsuagoa da ibilbidea. PISAk argazki bat erakutsi digu; orain guri dagokigu argazki horrekin zer egin erabakitzea. Jarrai dezagun bidea egiten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!